Elgoibartar dezente animatu izan da azken urteetan proba hau lehiatzera, baina beheranzko joeran da herritarren partaidetza hori. 2018koan 35 elgoibartarrek eman zuten izena eta 2023koan zazpik bukatu zuten proba. Aurten, aldiz, Elgoibartik izena emandako bi lagunek lortu dute proba bukatzea: Modesto Cidek (552. postua) eta Iratxe Osorok (119. postua). Cidek 22 ordutan osatu zuen ibilbidea eta 23 ordu, 31 minutuan Osorok. Mendi lasterkariek 24 orduko muga dute proba bukatzeko.
Osorok taldean egin zuen proba. Catt Morkaikoko kidea den Zuhaitz Rodriguezekin eta gasteiztar batekin. Era honetako probetan taldearen indarra "funtsezkoa" dela dio Osorok. "Buruak onarte esaten duenean taldekideek bultzatzen zaituzte aurrerantz. Era guztietako gaietaz berba egin genuen gure artean, eta malkoak eta irriak partekatu. Fisikoak garrantzia du, baina burua funtsezkoa da. Mindurak dituzunean edo nekea agertzen denean, gogoa atera behar da ez dagoen lekutik". Hiru Handiak "bidai pertsonal" bat moduan bizi duela azaldu du. "24 ordutan bizitza oso bat igarotzen da. Eta mugako egoerek erreflexioak, barne-elkarrizketa, iraganaera bidaiatu, haurtzaroa, egungo naiz etorkizuneko gai asko pasatzen dira burutik. Aitaren irudia aunitz aldiz agertu zitzaidan bidean. Eta, zorionez, bidean zein helmugan semea, ama, lehengusu, lehengusinak eta lagunak izan nituen babesa ematen".
Maioraren errekorra, salbu
Azken bi ekitaldietako irabazlea izan den Julen Martinez de Estibariz (Barrundia, Araba) izan zen azkarrena gizonezkoetan, 10.28.38ko denborarekin. Aurreko bi ekitaldietan eginiko denborak ondu zituen arren, ez zuen hautsi Iker Karrera amezketarrak 2012an ezarritako errekorra (10.23.08). Aguraingo Jokin Garcia de Bikuñak eta Arrasateko Andoni Azkaratek osatu zuten aurtengo Hiru Handiak probako gizonezkoen podiuma.
Emakumezkotan, berriz, Abadiñoko Ainara Arkarazok irabazi zuen lasterketa, 12.48.40ko denbora eginda. Ez zuen ondu Maite Maiorak 2021ean ezarri zuen errekorra, mendaroarrak 12 ordu eta 9 minutuan osatu baitzuen proba duela lau urte. 2018koa ere irabazi zuen Maiorak. Maria Ricondo kantabriarrak (13.46.21) eta Izaskun Sanz Elduaien nafarrak osatu zuten emakumezkoen aurtengo podiuma.
Ehunmiliak lasterketarik ez 2026an
Hiru Handiak probarekin batera, 168 kilometroko Ehunmiliak lasterketa da Euskal Herriko iraupen luzeko lasterketa entzutetsuena. Bada, datorren urtean ez dutela proba antolatuko jakinarazi dute berriki Ehunmiliak lasterketako antolakuntza batzordekoek. Horrenbestez, 2026an ez dituzte jokatuko Ehumiliak bera (168 kilometro), Goierriko Bi Handiak (88 kilometro) eta Marimurumendi (42 kilometro). Antolatzaileek arrazoitu dutenez, urteetako higaduraren eraginez hartu dute etena egiteko erabakia. 2008. urtetik gaur egun arte egindako lanaren ostean, nekea eta errelebo falta aipatu dituzte (ikus mezua).