Garaipena eta errekorra Maite Maiorarentzat Hiru Haundiak mendi lasterketan

Barren.eus 2021ko urr. 10a, 14:21

Euskal Herrian mendiko iraupen-lasterketa erreferentea da Hiru Haundiak, Gorbea (1481m), Anboto (1331m) eta Aizkorri (1523m) tontorrak batzen baititu 101 kilometroko ibilbidean. Probaren 22. edizioan marka guztiak hautsi ditu Maite Maiorak, 40 minututan hobetu baitu 2014an Silvia Triguerosek egindako marka.

Garaipena errepikatu du Maite Maiorak Hiru Haundiak mendi lasterketan, bere aurreneko parte hartzean, 2018ko ekitaldian garaipena eskuratu baitzuen mendaroarrak. Azken urteetan bi urtean behin jokatzen da proba hau eta 2018koa zen orain arte jokatu zuten azkena. 22. edizioa 2020ko urriaren 17an zen egitekoa, baina urtebete atzeratzea erabaki zuten pandemiagatik, eta joan den zapatuan egin zuten. Izena eman zuten mila lagunetik 875 lagun batu ziren Murgiako irteeran eta zapatuko 00:00etan irten ziren 101 kilometroko ibilbidea osatzera, gau hotz eta oskarbiarekin.

2021 10 09 hiru handiak maite maiora fotoiosu fotographi

 • Errekorrarekin itxutu gabe
Maite Maiorak 12 ordu eta 9 minutu behar izan zituen Araiako helmugara iristeko. Hala, 40 minutuan ondu du Silvia Triguerosek 2014an ezarri zuen errekorra (12:48:22). Maiorak eginiko denbora apartaren erakusgarri da sailkapen nagusiko bosgarren postua eskuratu duela. Errekorra ontzearekin ez zela itxutu adierazi zuen Maiorak proba amaitu berritan. "Ilusioa nuen marka ontzeko, baina horren bila gehiegi joan gabe. Gorbean, baina, proba irabazteko aurkaririk ez nuela jabetu nintzen eta duela hiru urteko Maite izan zen nire aurkaria, eta errekorra ontzea motibazioa", esan zuen. Urdaileko arazo txiki batzuen ondorioz erritmoa jaitsi behar izan zuela onartu arren, arazo horiei buelta eman eta 38 minutuan ondu zuen orain duela hiru urte berak eginiko denbora.
Bigarren, Oihane Perez antxitxikari bizkaitarrak egin zuen bigarren (15:21:39), eta Janire Fernandez de Olano arabarra sailkatu zen hirugarren (16: 10:00). Gizonezkoetan, Julen Martinez de Estibariz arabarra gailendu zen 11:13:30ko denbora eginda. (ikus sailkapena)

Sociedad Excursionista Manuel Iradierrek antolatzen du Hiru Haundiak, iraupen luzeko mendi lasterketa aitzindaria, 1987tik jokatzen baita. Lehen hamar urteetan, urtero antolatzen zuten eta 1998tik aurrera bi urtean behin. Alabaina, 2020. urtetik aurrera lasterketa berriro urtero antolatzea erabaki zuten antolatzailek.

 • Lasterketa, barrutik
Maioraz gainera, hainbat elgoibartarrek eta mendaroarrek hartu zuten parte Hiru Handietan. Eduardo Uribe izan zen horietako bat, eta, ohi duen moduan, bere blogean ikus dezakezue nola bizi izan zuen lasterketa, barrutik. Hainbat argazkiz hornitutako kronika egiteaz gainera, momentu esanguratsuena batu ditu bideo batean, soinean zeraman kamerarekin hartutako irudiekin. Mendian lasterka ibiltzeko baldintzak "ezin hobeak" izan zirela esan du Uribek, "eguraldi atsegina, ez hotzik ez berorik, eta zorua lehorra, lokatzik gabe. Baldintza horiekin, mendizaleok egun eder batez gozatzeko aukera izan dugu". 

*Elgoibartarren emaitzak (:*jakin ahal izan ditugunak)

  • 42. postua Nora Miguez Perez (22:43:28)
  • 47. Julen Salaberria Anton (14:37:11)
  • 74. Angel Qintana Garcia (15:14:40)
  • 276. Jose Manuel Nova Alvarez (18:46:33)
  • 277. Jose Luis Diez Revenga (18:46:34)
  • 352. Josu Mendikute Azkue (20:01:11
  • 525. Eduardo Uribe Odria (22:33:23)
  • 533. Pedro Iparraguirre Sopelana (22:41:02)
  • 534. Tomás Peña Vélez, (22:41:04)
  • 542. Julen Cid Alzibar (22:43:25)
  • 543. Haritz Arribillaga (22:43:25)
  • 608. Roberto Garcia Riesgo (23:32:59)

Hona Hiru Handiak proban parte hartu zuten zenbait elgoibartarren argazkiak, Edu Uriberen eta Julen Salaberriaren eskutik:

2021 10 10 hiru haundiak morkaiko bandera elgoibartarrak

2021 10 10 hiru haundiak laukotea elgoibar irteera

2021 10 09 hiru handiak edu uribe gallastegi maiora cid

2021 10 09 hiru handiak nora

2021 10 09 hiru handiak cid aitasemeak edu uribe

∞Lotura duten albisteak: