2005- 2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Rubiok dokumentalean, frogatuz sor daitezkeela desberdin pentsatzen dutenen arteko akordioak, horretarako giroa sortu eta zainduz gero. Horixe izan zen bere egitekoa Txillarren egosi zen prozesu hartan, hizketarako giroa sortzea. Sukaldari on baten antzera jardun zen Rubio: behar zenean beheko sua piztu eta giroa goxatuz eta, sua beroegi zegoenean, eltzea sutatik erretiratuz.
Noiz eta nola abiatu zenuten proiektu hau?
Edurne: Kasualitate bat izan da dena. Eibarren, Arrate jai bezperan egiten den herri bazkarian izan nintzen iaz eta Pello Rubioren ondoan bazkaltzea egokitu zitzaidan. Ez nuen ezagutzen. Baina, etorri oneko gizona izanda, bazkalosteko kafean han hasi zitzaidan Txillarreko kontuekin. 'Bihar dira sei urte Zapatero etorri zena gure etxera bazkaltzera', ekin zion, eta kontatu zizkidan bizkartzainekin izandako gorabeherak eta beste mila anekdota. Flipatu egin nuen. Esan nion hori guztia kontatu egin behar zuela, jakin egin behar zela Txillarren zer egosi zen eta zelan bizi izan zuen berak, eta erantzun zidan berak ez zeukala asmorik, baina zabalik laga zidan bidea, 'norbaitek nahi balu...' botata. Eta heldu nion horri. Iluntzean, ...Eta kitto! euskara elkarteak antolatzen duen bertso afarian, Asierrekin elkartu nintzen eta kontatu nion eguerdikoa. Esan nion gustura egingo niokeela elkarrizketa luze bat Pellori, baina ez nuela bakarrik sartu nahi halako kontu baten. 'Biok egingo dugu' erantzun zidan.
Eta elkarrizketa luze bat izan behar zena liburua eta dokumentala da gaur.
Asier: Edurnek hasieratik zuen garbi idatzizko zerbait egin nahi zuela, batez ere hori egiteko gai ikusten zelako, kazetari izana zelako Egin-en, baina nik esan nion ikus-entzunezko zerbait ere egin beharko genukeela, gaurko jendeak hori kontsumitzen duelako. Zinema zalea izan arren, nik neuk ere ez neukan esperientziarik ikus-entzunezkoen munduan, baina badauzkat produkzio-etxe bat duten lagunak, kameralariak direnak, eta garbi neukan, elkarrizketa hori egitekotan, kamera profesionalekin grabatu behar genuela, egon zitekeelako dokumental baterako materiala han. Eta halaxe jo nuen Haritz Arrizabalaga lagunarengana. Kameralaria da bera eta berak egin dizkigu grabazio eta edizio lanak. Asmatu genuen lehenengotik kamerak hartuta joatean, uste dudalako Pello ez zela gai izango lehenengoz joan gintzaizkionean kontatu zizkigun gauza guztiak gero berriro kontatzeko.
Jarrialdi bakar baten grabatu al zenuten dena?
Asier: Bai. Bi egun geneuzkan gordeta grabaziorako, baina egun bakarrean, lau-bost orduko sesio baten, lortu genuen berak barrua hustea. Ondoren gehiagotan ere izan gara han, baina irudi osagarriak hartzen. Hori zailagoa izan da.
Pello Rubiok esana da elkarrizketarako giroa sortzea izan zela bere egitekoa. Zuek nola lortu zenuten konfiantza giro hori berarekin?
Edurne: Ez nuke jakingo erantzuten, berak sarri esan digulako ez dakiela zergatik eman zigun baietza. Esango nuke Edurne Arizaga Lasagabaster giltzarria izan dela horretan. Eibartarra da Edurne, laguna dut militantziatik eta feminismotik, eta Pelloren gertukoa da, Txillarre Eko dendan egiten duelako lan. Iruditzen zait Edurnek ondo berba egin diola gutaz.
Asier: Bi-hiru aldiz joan ginen Txillarrera bazkaltzera, zer nahi genuen azaltzera. Purrustada bat egin zigun lehenengoan, baina esan genion animatuta geundela bere bizipenak kontatzera. Azaldu genion Arnaldo Otegi eta Jesus Egigurenen arteko elkarrizketetan barik berarengan jarri nahi genuela fokua. Jakin nahi genuen zergatik sartu zen Elgoibarko baserritar bat halako saltsa baten, zergatik erabaki zuen goi mailako politikan muturra sartu eta urrutikoak ziren bi mundu elkartzea, zergatik hartu zituen arrisku haiek guztiak eta zelan bizi izan zuen prozesu osoa, garai zailetan egin zirelako Txillarreko bilera haiek. Argi laga genion gure asmoa ez zela dirua egitea, baizik eta ondo egindako lanaren aitortza egitea. Alde humanoari erreparatu nahi genion, eta lehenengoan ulertu zuen berak. Oso harreman polita egin genuen.
Garai zailak eta hartutako arriskuak aipatu dituzue. Nola bizi izan zituen berak?
Edurne: 'Beldurrik pasatu zenuen noizbait?' galdetzen genion guk behin eta berriro, logikoena beldurra pasatzea zela iruditzen zitzaigulako, baina berak beti esan digu beldurrik ez zuela sekula izan. Errespetua, bai, gauza askori, baina beldurrik ez. Esan izan digu, izatekotan, eskuin muturrekoei ziela beldurra, leku apartatuan dagoelako Txillarre, familiarekin bizi delako han eta edozer egiteko gai ikusten zituelako. Emozioei tiraka ibiltzen gintzaizkion: 'Tristurarik pasatu zenuen? Frustraziorik izan zenuen? Negarrik egin zenuen?" eta bera ihes egiten saiatzen zen. Gizontasun hori, badakizu.
Asier: Eztabaidatxo batzuk izan zituzten, bai, hauek gai horrekin (kar-kar). Iruditzen zait elkarrizketan zehar konturatu zela Pello benetan lortu zuenaz, asko berba egin delako bazkaltiarrez, baina oso gutxi elkarrizketa haietarako giroa sortu eta elikatu zuenaz. Gidoi bat pasatu genion guk aurrez, eta estreinakoz joan gintzaizkionerako idatzita zituen erantzun guztiak, 15-16 bat orrialdetan. Guk ez genion galdera bakar bat ere egin; hiru ordu pasako bakarrizketa izan zen. Apuntatuta zituen Txillarren biltzen egon ziren urteetan gertatu ziren guztiak, gauza asko gertatu baitziren: ETAk hautetsi sozialisten kontra egindakoak eta Madrilgo Barajasko aireportuko T4 aparkalekuko atentatua, Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko egituren kontra egindakoak -atxiloketak, torturak eta legez kanporatzeak-, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan ziren atentatuak [talde islamista batek lau lehergailu zartarazi zituen bidaiariz betetako lau trenetan, eta 191 lagun hil zituen]... Oso landuta ekarri zuen dena.
Grabatzen hasi aurretik zer zenekiten zuek Pello Rubiotaz?
Edurne: Nik apenas nekien ezer. Banekien Txillarren egosi zela lapiko handi bat eta berak lan bat egin zuela han, eta banituen hari buruzko erreferentzia gutxi batzuk, baina sekula ikusi gabea nuen aurrez aurre. Baina, ezagutu nuenean, demaseko ilusioa transmititu zidan. Demaseko txispa dauka, eta esango nuke proiektu hau ere ilusioz hasi zuela eta ilusioak ekarri gaituela honaino. Ilusioak eta konpromisoak, edozeinek ez diolako heltzen halako kontu bati, baserrian lasai-lasai bizitzeko aukera duenean.
Asier: Nik Pello ezagutzen nuen saskia ekartzen digulako astero Ermura. Uste dut, baina, telebistaz izan nuela estreinakoz haren berri, Euzkitze joan zitzaionean bisitan. Txillarren maila politikoan egosi zenaren berri denok izango dugu gutxi-asko, baina Pello ez da komunikabideetan agertu zalea izan [2012an elkarrizketatu zuen Barrenek, 844. zenbakian].
Rubiok Berria egunkariari ere eman dio elkarrizketa bat egunotan argitaratu duten Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa (Elkar) liburuaren harira, honatx bideoan:
Zer egin zaizue interesgarrien Pello Rubiotaz?
Edurne: Demaseko konfrontazioa eta tentsio giroa izan genuen garaian, etsiak hartzea bera errazago zenean, zerbait egin zezakeela pentsatu zuelako da interesgarria Pello. Pentsa zezakeen beste askok bezala 'hau kaka bat da', baina ez, bere alea jartzea erabaki zuen, eta egin zuen isilean, protagonismorik bilatu barik. Ilusioari heldu eta aproba egitea erabaki zuen, eta asko zor diogu, erakutsi digulako barruko indarra martxan jartzen dugunean kapazitate handia daukagula pertsonok gauzak egiteko. Batzuetan, huskeri bat balioko du gure ahaleginak eta inguru gertuan baino ez dugu eragingo, baina beste batzuetan, zeinek daki!. Liburu hau izan daiteke adibide ona. Gerta daiteke gure inguruko batzuek bakarrik irakurtzea eta gure ahalegina horretan gelditzea, baina zeinek daki! Beharbada izan daiteke irakaspen bat beste bake prozesu baterako.
Asier: Izan zuen konpromisoak liluratu nau ni gehien. Ia nork egiten duen hautu hori: elkarri bizkarra emanda bizi diren bi pertsona norbere etxean batu, diren eta ez diren arrisku guztiak hartu, klandestinate horri eutsi horretarako behar den guztia eginda (sukaldari, taxi gidari, mezulari, telefonista, errekadista...), eta kanpoan demasak gertatzen ari direnean, presioa ahal den ondoen eraman. Atentatuak-eta izan zirenetan, egun batzutako etena egiten zuten, berriro Txillaren bildu aurretik, baina pentsatzekoa da ez zela batere erraza izango gertatu zirenak gertatuta, berriro otordu baterako giroa sortzea. Detaile txiki denak zaintzen zituen giroa sortzeko. Berak ere badio gustura egon garen lekura itzultzeko joera izaten dugula denok. Horregatik bidaltzen zituen bazkaltiarrak etxera baserriko produktuekin eta horregatik prestatu zituen babarrunak odoloste eta gainerako guztiekin Patxi Lopez etorri behar zen egunerako. Krisi egoeretan mahaikideak motibatzen egindako lana ere nabarmentzekoa da. Dokumentalean aipatzen ditu bi kontu bitxi: batetik, bere bi-hiru lagun onenen artean daukala gaur Jesus Egiguren, eta bestetik, bakarrik sentitu zela Arnaldo Otegi kartzelatu zutenean eta ahalegindu zela topatzen ezker abertzalean beste mintzakide on bat Egigurenekin biltzen jarraitzeko.
Edurne: Bere bizitza osoan dago konpromisoa. Lan handia egin du sindikalgintzan, baserri munduan, nekazaritza ekologikoaren alde... Ez dugu asko sakondu, baina nekazaritzan ere aitzindaria izan zen. Baserrira etorri egin zen Pello eta, baserriko munduaz ezer gutxi jakin arren, han hasi zuen bere proiektua. Berak aitortzen du baserritar asko kontra izan zituela nekazaritza ekologikoaren alde egiteagatik.
Testuingurua ere azaldu duzue liburuan. Aldaketa nabarmena 2004ko martxoaren 11n Madrilen izan ziren atentatuen ondotik etorri zela dio Rubiok, orduan hartu zutela Txillarreko bilerek kutsu politiko handiagoa.
Asier: Martxa aldatzeko palanka izan zen hura, inork espero ez zuena. Inkestek PPri ematen zioten garaipena, baina besteak beste, PPkoek atentatu haren harira esan zituzten gezurrak direla-eta, Jose Luis Rodriguez Zapaterok irabazi zituen Espainiako hauteskunde orokorrak, eta aukera berri bat zabaldu zitzaien Txillarrekoei. Egigurenek Txillarreko bileren berri eman zion itxura denez Zapaterori, eta itxuraz beste harreman batzuk sortu ziren harekin, negoziaziorako beste aukera batzuk.
"Bi-hiru lagun onenen artean" du Pello Rubiok Jesus Egiguren. Politikako lehen lerrotik aldendu zen Egiguren gerora, alderdi barruan ez zutelako denek begi onez ikusten. Nola eraman zuen Pellok?
Edurne: Gai delikatuak dira eta dena ez dugu kontatu, baina zeharka hitz egiten du horren inguruan ere, eta aipatzen du alderdiaren babesik gabe jardun zela Egiguren, bakarrik, eta aldiz, Otegik, lortu zuela ezker abertzaleko masa mugitzea, bazuelako alderdian Egigurenek izan ez zuen babes hori. Edozein modutan, ez dugu horretan sakondu, guk argia Pellorengan jarri nahi izan dugulako; gure asmoa ez da izan hausnarketa politiko bat egitea.
Asier: Hori da, bai, baina esan beharra dugu Jesusentzako Pello izan zela alderdian topatu ez zuen babes hori, eta Jesusi egoerak gain hartu zionean ere, ondoan izan zuela laguna. Pellok eraman zuen Genevara ere kotxez 2005ean Henry Dunant Elkarrizketa Humanitarioko zentrokoekin egin zuen batzarrera [Bilera haietan Egigurenek bide-orri bat adostu zuen Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkariarekin eta gero etorri zen ETAren su-etena 2006ko martxoaren 22an]. Bilera haien berri izaten zuen Pellok, dokumentalean kontatzen digulako adibidez Josu Urrutikoetxearekin harremanak hobeak izan zirela Thierry-rekin baino (Xabier Lopez Peña). Garai hartan Donostian bizi zen Egiguren, bizkartzainak zituen, eta hala ere, bizipen asko eta intentsitate handikoak bizi izan zituzten Pellok eta biek. Jesusek etxe barruan bizi izan zuenaren harira, dokumentalean ere esaten du Pellok: "Ez dakit denek nahi zuten prozesu hau aurrera ateratzea". Gogorra da bakerik nahi ez izatea, baina halaxe dio.
Dokumentalean Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren ere jarri dituzue Pellori buruz hizketan
Edurne: Bai, baina oso tarte laburra eman diegu. Dena den, iruditzen zait Pellok asko eskertu dituela haiek esandakoak. Batzuetan, purrustadaka esaten digu ez zaiola gustatzen protagonismo hau, baina esango nuke emaitzarekin behintzat pozik gelditu dela.
Aitortu duzue isilean zenbat lan egin daitekeen erakutsi izanagatik miresten duzuela Pello. Herri honetan asko izan dira isilean lan miresgarria egin dutenak. Besteren bat jo duzue begiz?
Asier: Benetan ba! Askotan esan izan diot Edurneri herri honetan soldadu asko izan ditugula herri-lanean, eta askotan, ezkutuan. Atzera begira jarrita esango dizut nik neuk ilusio handia sentitzen nuela politikoki hain urruneko ziruditen bi mundu gerturatzeko Pellok egin duen ekarpena aireratzeko, eta bete nauela ahaleginak. Txillarren biltzen egon ziren garai hura neuk ere modu berezian bizi izan nuen, izan baditudalako lagunak atxilotuta edo izan ermuarra naizelako eta Ermuan geunden bezala geundelako, baina orain, beteta sentitzen naiz, guzti honen alde humanoa bistaratzeko gure alea jarri izanagatik.
Edurne: Besterik egingo dugun? Niri jende interesgarri asko datorkit burura, baina lehenengo amaitu dezagun hau, herriz herri aurkezten ibiltze hau delako astunena. Iruditzen zait oso gauza xumea dela egin duguna, baina aldi berean, oso duina, eta gogoz gaude Elgoibarren aurkezteko. Pello gurekin izango da aurkezpenean, gainera.