Patxi Bisquert zinemagilea Elgoibarren izango da urriaren 8an, 'Ombuaren itzala' filma aurkezten

Barren 2025ko urr. 3a, 12:02

Patxi Bisquert 'Ombuaren itzala' filmako aktoreekin errodajean.

Pedro Mari Otaño bertsolariari buruz Patxi Bisquert zinemagileak zuzendutako Ombuaren itzala filma emango dute jatorrizko bertsioan urriaren 8an Elgoibarko Herriko Antzokian.

Ongarri Zine Klubak eta Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak antolatu dute Ombuaren itzala filmaren emanaldia eta Bisquert bera ere gonbidatu dute, aurkezpen lanak egitera. 19:00etan izango da, doan. Filma jatorrizko bertsioan emango dute; euskaraz (gaztelania eta galegoa ere entzungo dira), gaztelaniazko azpitituluekin.

Sinopsia:
Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariak zerbitzu militarra egin nahi ez zuelako egin zuen ihes Argentinara lehenengoz. 33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli zen. Madalen Alberdi ezagutu, ezkondu eta Donostian finkatu ziren. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu eta bere konposizio poetikoengatik nabarmendu zen. Ezin zuenez bere familia eta izaera politikoa –liberal errepublikano eta foruzalea– mantendu, Argentinara itzuli zen azken aldiz emaztearekin eta hiru seme-alabekin.

Patxi Bisquertek (Zizurkil, 1952) zuzendutako estreinako lana da Ombuaren itzala. aktore gisa hasi zuen bere ibilbidea, La fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981) eta Akelarre (Pedro Olea, 1984) filmetan, besteak beste, baina ospea Tasio (Montxo Armendariz, 1984) filmeko rol protagonistarekin iritsi zitzaion. Ordutik berrogeita hamar film baino gehiagotan parte hartu du, besteak beste, El Dorado (Carlos Saura, 1988), Celda 211 (Daniel Monzón, 2009), Oreina (Koldo Almandoz, 2018) eta Irati (Paul Urkijo, 2023) filmetan.

Ombuaren itzala filma aurkeztera etorriko da Elgoibarrera Patxi Bisquert.