Pello Rubiori egindako elkarrizketan oinarritu dute liburua, bai eta dokumentala ere. 2005-2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Pello Rubiok proiektu honetan. 1999. urtean hasi zituzten bilerak Txillarren. Enpresa mundutik eta militantziatik ezagutzen zituen bi lagun elkartu zituen Rubiok bere etxean, Paco Egea eta Arnaldo Otegi, politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi mundutakoak, alderdi sozialistakoa bata eta ezker abertzalekoa bestea. Paco Egearen eskutik iritsi zen Jesus Egiguren Txillarrera, eta iritsiko ziren gero beste batzuk ere, alderdi batekoak zein bestekoak. Eta han, bortizkera-egoeratik bake girora egiteko egin ziren bileren berri ematen du Rubiok, bai liburuan eta baita dokumentalean ere.
Liburua eskuratzeko aukera
Musika eskolako auditoriumean aurkeztuko dute ostiralean dokumentala, eta herriz herri zabalduko dute gero. Ostiraleko aurkezpenean, liburua eskuratzeko aukera ere izango da 13,50 euroan (eskudirutan ordaindu beharko da). Liburuak, gainera, QR kode bat ere badakar. Hura eskaneatu eta dokumentalaren trailerra ikus daiteke momentuan, baina herriz herriko aurkezpenak amaitutakoan, dokumentalera bideratuko du QRak.