'Vending' edo salmenta makinekin lan egiten duten enpresen elkartea da Euskadiko Vending Elkartea, eta urtero egiten duten topaketarako Debabarrena eskualdea aukeratu dute aurten. Urriaren 2an eta 3an egin zituzten jardunaldiok.
Lehen eguna Makina Erremintaren Museoan hasi zuten. EVEko zuzendaritzako kidea den Asier Echandik eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak egin zieten ongi-etorria parte-hartzaileei, eta museoko makinak funtzionamenduan ikusteko aukera eduki zuten gero, egun makina modernoagoekin lan egitera ohituta dauden sektoreko ordezkariek. Museotik IMH Campusera joan ziren. Han, Oier Uriartek bisita gidatua egin zien, prestakuntza teknikoak industriaren garapenean eta berrikuntzan duen garrantzian azpimarra jarrita, azaldu dutenez.
Museotik eta IMHtik igaro eta gero, jardunaldia bera Lizagasar Sagartokixan egin zuten. Parte-hartzaileek oreka-ekosistema ezagutu zuten sagastian, ekintzailetzari, berrikuntzari eta naturarekiko errespetuari arreta berezia jarrita. Jardunaldia Deban amaitu zuten Santa María elizara egindako "bisita arkitektoniko harrigarri" batekin lehenik, eta Calbetón jatetxean afalduz gero.
Bigarren eguna Arbe Hotelean hasi zuten, eta handik Eibarko Armeria eskolara joan ziren. Jardunaldiko hitzaldi nagusia eman zuen han Saioa Arrate Villagarcíak, “Ekintzailetza, moldagarritasuna eta oztopak gainditzea: pertsonak eta heziketa balioan jarriz”, lelopean. Honako beste lagun hauek ere hartu zuten hitza saioan: Juan Carlos Molinero (digitalizazioaren arduraduna, Armeria Eskolan), Gema Gómez (aldaketaren bultzatzailea Armeria Eskolan), Oihana Astigarraga (Debegesako ekintzailetza teknikari) eta Diego Martinez (On Natura), bere proiektuaren hastapenak azaltzeko. Ander Romarate Agirre igerilari paralinpiko ohiak itxi zuen jardunaldia. Romaratek ariketa fisikoaren garrantziaz egin zuen berba, eta baita kirol inklusiboak sustatzeko SD EibarFundazioarekin batera egiten diharduen lanaz ere.
*Argazkiak: EVE