Kilometroak jaia Elgoibarren

“Herria Kilometroak jaiaren bueltan aktibatzea lortu dugu”

Ainhoa Andonegi 2025ko urr. 3a, 13:11

Domekan izango da Ikastolaren aldeko Kilometroak jaia eta domekako festa izango da Ikastolako komunitateak urte osoan egindako lanaren fruitua: elkarlanean aritutako bide luze horren ostean, poza eta ospakizuna partekatzeko ordua heldu da. Olatz Astigarraga Ikastolako lehendakariak, Iera Larrañaga Kilometroak jaiaren koordinatzaileak eta Ion Vazquez Ikastolako zuzendariak eman dituzte zehaztasun guztiak.

Urtebete pasatu duzue Kilometroak jaia prestatzen eta dagoeneko iritsi da. Zer suposatu du Elgoibar Ikastolarentzat 2025eko Kilometroak antolatzeak?
Gure ikaskola komunitateak —ikasleak, langileak eta familiak— ilusioz eta konpromiso handiz egin du lan. Ez da soilik antolaketa tekniko bat izan: ikasgelatik herrira egindako ikaskuntza kolektiboa izan da. Ikastolan aparteko giroa sortu da, erantzukizun handiz eta kolektiboki lan eginez gu baino handiagoa den zerbait aurrera ateratzen.
Erronka handi baten aurrean ikusi dugu gure burua eta horrek kohesio berezia sortu du. Ikasleek Ikasleen Batzordea eratu dute, abestia eta bideoklipa sortu ditugu, ekintza pilo bat egin eta garatu ditugu eta komunitate osoko kideok ideiak eta ekimenak bultzatzen egon gara urte osoan zehar. Horrela, jai hau ez da egun bakarreko ospakizuna izango, baizik eta euskara, elkarlana eta identitatea sustatzeko prozesu zabalago baten erakusleiho bat.

96an egin zen Kilometroak jaia Elgoibarren. Ordutik gaur egunera, nola aldatu da jaia bera eta nola aldatu dira ikastolen beharrak?
Bai eta ez. Aldatu dira testuingurua, komunikazio tresnak eta baliabide teknikoak. 1996an leloa Banoa, banixe, euskaraz bai horixe izan zen; hizkuntzaren presentzia aldarrikatzea zen lehentasuna. Gaur egun ere helburu bera dugu, baina ingurunea bestelakoa da: sare sozialak, ikus-entzunezko baliabideak eta komunikazio kanal berriak ditugu. Parte-hartze soziala ere eraldatu da: gaurko boluntariotza eta elkarlana modu berrietan gauzatzen dira, nahiz eta erronka berriak agertu diren, hala nola hizkuntza- aniztasuna, migrazioa, teknologia-eraginak eta gazteen aisialdi digitala. Funtsa, ordea, ez da aldatu: euskara maitatzea, ikastolen proiektua defendatzea eta komunitatearen kohesioa bilatzea.
Egungo erronka nagusiak hiru dira: euskararen erabilera normalizatzea ikasgelatik harago, ikasleen ongizatea bermatzea eta hezkuntza proiektu propioa (zazpi lurraldeetako ikastolen artean ikuspegi globalizatuaren lanketa egitea) sendo mantentzea. Horri gehitu behar zaizkio gaur egungo testuinguruak dakartzan zailtasunak: teknologia eta aisialdi digitalaren eragina, hizkuntza ohituren presioa, boluntariotzaren kudeaketa eta ingurumenarekiko ardura. Horiek guztiak gure komunitatearen etengabeko lanaren parte dira.

Garai batean garrantzi handia zuten jai hauek ikastolentzat; gaur egun, aldiz, zalantzan ere jarri izan da jai hauek antolatzea. Zer uste duzue horri buruz?
Sekula ez da zalantzan jarri Kilometroak jaia. Esan daitekeena da Kilometroak jaia aitzindaria izan dela jai-eredua doitzeko eta berritzeko. Ezinbestekoa izan da ikastolen jaia bere jatorrira itzultzea eta hasierako arrazoiak mahai gainean jarri eta gaur egungo gizartearen ezaugarrietara eraldatzea. Horregatik, azken urteotan, jaiaren eredua egokitzen joan da: Iraunkorragoa da; ingurumenari errespetu handiagoa emanez, inpaktuak murrizteko helburuarekin. Hezkuntza-proiektua du ardatz, eta dirua biltzeaz gain, ikastolen balioak eta pedagogia gizarteratzea da helburua. Urte osoko ekimenak ditu oinarrian, eta jaia egun batean borobiltzen bada ere, urte osoan antolatzen dira ekintzak. Komunitate zabalak hartzen du parte, eta ez bakarrik herria; eskualdea eta Gipuzkoa osoko ikastolak ere inplikatzen dira. Eraginkortasuna ere kontuan hartzen da, baliabideak hobeto kudeatuz, helburu nagusia argi mantenduz. Kilometroak jaia, beraz, gizarte eta hezkuntza-proiektu baten erakusleiho izatera pasatu da, eta ez da soilik egun bakarreko festa erraldoia.

‘Salto euskarara’ jarri diozue lema. Lortu al duzue jarritako helburua?
Oraindik ezin diogu galdera honi erantzun. Azken neurketak egiten ari gara, eta jaia pasatu ondoren egingo dugu balorazioa. Salto-saltoka lema mezu ireki eta bizia da. Euskarara salto egitea da gure gonbidapena eta estrategikoki batez ere helduei zuzendu diegu mezua. Salto egitea norbanakoaren hautua da, baina baita taldearena ere. Salto bakoitza txikia izan daiteke—etxean, kalean, ikastolan— baina guztien artean bidea egiten du. Leloak poza, jolasaren airea, energia eta bizitasuna ere iradokitzen ditu; jaiak ez du soilik aldarrikapena izan behar, baizik eta bizitzeko eta elkarrekin gozatzeko espazioa. Gainera logoa soka bat izateak komunitate batek ezinbestekoak dituen loturak irudikatu ditu, eta soka-saltoa modan jarri dugu berriz. Era berean, auzolana eta boluntariotza azpimarratzen dira: saltorik ez da egiten bakarka, komunitateak behar dira. Salto euskarara esaldiak hizkuntza hautua dakar berarekin, beldurrak eta inertziak gainditzea, konfiantza eta prestutasunez.
Emaitza ekonomiko positiborik balego, lehenik eta behin, eraikinaren eta baliabideen hobekuntzak egingo ditugu. Bigarrenik, proiektu pedagogiko berriak bultzatuko ditugu: euskararen erabilera sustatzeko eraldaketak, programak eta proiektuak, aniztasunari ahalik eta ondoen erantzuteko material didaktiko eta metodologia berriak, tailer linguistikoak eta kultura ekimenak. Hirugarrenik, komunitatearen arteko harremanak indartzeko estrategien hausnarketa.

Ekintza berriak sortu eta urterokoak sendotu dituzue. Nola antolatu duzue urtea?
Ez da erraza izan, baina bai aberasgarria. Hasieran kaotikoa zirudienari pixkanaka forma eman zaio: batzordeak osatu, lanak banatu, egutegia zehaztu eta komunikazio estrategia landu genituen. Antolakuntza maila anitzetan garatu da: ekonomia, komunikazioa, egitaraua, giza-baliabideak, ikasleen parte-hartzea eta erronka, osasuna, jasangarritasuna, espazioen antolaketa eta segurtasuna, trafikoa, muntaia, gastronomia, ikuspegi feminista eta euskara. Batzorde ugaritan egiten da lan. Herritarrei informazioa zabaltzeko kanpainak ere egin dira, galdetegiak, aurkezpen publikoak, abestia eta bideoklipa. Erronkak handiak izan dira —logistika, segurtasuna, energia, espazioen kudeaketa—, baina komunitatearen babesa eta boluntariotza handia lagungarri izan dira. Prozesuan pazientziaz eta malgutasunez mugitu behar dela ikasi dugu, dena ezin baita planifikatu aurretik.
Urtea bizi eta emankorra izan da: ikasleen batzordea sortu dugu, abesti eta bideoa egin ditugu, Non eta mugan ekimenean parte hartu dugu, horma-irudi berri bat margotu dugu gure frontoian, ekintza ugari antolatu ditugu.. eta urtero egiten ditugunak ere indartu ditugu (urte zaharreko txosna, inauteriak, pilota eguna, krosa, ikastola eguna…). Eta garrantzitsuena da guzti horiekin, ekintza berriekin zein betikoekin, herria pixkanaka Kilometroak-en bueltan aktibatzea lortu dugula.

Bideoklipa ere berezia izan da. Herriko musikariekin egin duzue eta protagonismoa herritarrei emanez. Domekan ere handia izango da herriko musika taldeen presentzia.
Hasieratik garbi genuen herrira zabaltzea zela gure helburua. Garrantzia eman diogu hasieratik herrigintzan aritzeari, komunitatea sortzeari… Eta benetan eskertu behar diegu herriko artistei, Elgoibarren ezagunak eta hain aktiboak direnei. Elgoibar kultura alorrean oso aktiboa dela esan dezakegu, eta horri balioa eman eta aberastasun hori transmititu nahi izan dugu.

Iritsi da eguna eta dena prest dago domekarako. Nola antolatu duzue eguna?
Hiru gune eta azpigune bat izango ditugu domekan, adin guztientzako ekintzak eta ikuskizunekin. Goizean goizetik hasita, 09:00tatik, gazteentzat Erronka probak izango dira herri osoan zehar, eta 10:30etatik aurrera, txikienentzako egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak eta abar luze bat Ikastolako eta Kalegoen plazako guneetan. Magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak… ikusteko aukera izango da eta baita hainbat musika talderen musikaz gozatzeko aukera ere. Ez dira jatekoa eta edatekoa faltako; ogitartekoak, taloak eta izozkiak izango ditugu eta bazkalordurako 450 lagunentzako jangela prestatuko dugu Ikastolako frontoian. Eskerrak eman nahi dizkiegu egitarau hau osatzeko orduan prestutasuna agertu diguten talde eta norbanako guztiei. Eta nola ez, hau guztia aurrera ateratzeko lortu ditugun lagun guztiei, Kilometroen bueltan 1.000 bolondresetik gorak jardungo baitugu lanean.