Elgoibarko eta Soraluzeko udalak eta Ertzaintza elkarlanean ari dira Karakateko mastinen gaia argitzeko

Barren 2025ko urr. 2a, 19:11

Mastin arrazako txakur batek -edo bik, ez baitago argi- domeka goizean Karakaten bi mendizaleri eragindako estuasunak zeresana ematen jarraitzen du. Plaentxia-eus agerkariak Unai Larreategi Soraluzeko alkatearen hitzak jaso ditu, eta hark esan du, eskuratutako informazioaren arabera, ez dirudiela Soraluzerekin lotura duenik txakurrak. 

 

Gertakaria argitzeko elkarlanean ari dira Soraluzeko eta Elgoibarko udalak eta Ertzaintza,  herritarren segurtasuna bermatu nahian. Gaiaren inguruan han eta hemen zabaldu den informazioaren eta zurrumurren harira, errespetuz jokatzeko deia egin du Soraluzeko alkateak. "Zurrumurruekin edozein bilaka daiteke errudun", adierazi dio Soraluzeko tokiko hedabideari. 

Unai Larreategi alkateak esan du komunikabideen eta kazetarien bitartez izan zuela Karakateko gertakariaren berri, eta nabarmendu du Udalean ez dutela inolako informazio ofizialik jaso, ezta datu objektiborik ere. Haren esanetan, gertatutakoaren kontakizuna jaso dute, "eta hori ere zeharka". Hala ere, argitu du Elgoibarko Udalarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean dihardutela gertatutakoa argi identifikatu eta herritarren segurtasuna bermatzeko nahian. 

"Ez dirudi Soraluzerekin loturarik duenik"

Mastinen oldarraldiaren harira zabaldu diren usteek Soraluzera begira jarri dute jende bat, baina Larreategiren arabera, zurrumurruak baino ez dira izan horiek. "Jakin gabe benetan zer txakur diren ez litzateke inor seinalatu behar. Hemengo baserritar batek mezuak, deiak... izan ditu, zabaldu delako mastinak bereak direla, eta ez da horrela. Errespetu falta bat izan da hori. Gainera, Udalak dituen datuen arabera, ez dirudi Plazentziarekin lotura duten mastinak izan direnik", esan du. 

Hori horrela, gertakariren bat bada eta Soraluzerekin lotutako ekintza dela uste bada, zuzenean Soraluzeko Udalarekin harremanetan jartzeko eskatu du, "hartara errazagoa izango delako dena delakoari erantzun egoki bat ematea". Zentzu horretan, gogora ekarri du Udalak baduela, Udaltzaingo zerbitzuaz gain, aplikazio bat kexuak eta bestelakoak helarazteko".