"Ez eman sekula bizkarra txakurrari eta ez begiratu zuzenean begietara. Makilaren bat baldin badaukagu, eman kolpe bat lurrean, geuk ere defenditzeko modua badugula erakusteko, eta saiatu, uneoro, lasai gauden itxura ematen. Eta garrantzitsuena, ez egin sekula mugimendu zakarrik; ez hasi korrika", azaldu du Iglesiasek.
Aitortu du, hala ere, argibideak ematea errazagoa dela halako estuasun momentu batean haiek betetzea baino. "Txakurrak hezten ibili ez denak edo haiekin harremanik izan ez duenak nekez lortuko du halako egoera batean lasai egotea; oso zaila da, ezinezkoa esango nuke. Normalagoa da, izututa, korrika hastea, eta mendizale bi hauek ere ahal zutena egingo zuten".
"Txakurrak hezten ibili ez denak edo haiekin harremanik izan ez duenak nekez lortuko du halako egoera batean lasai egotea; oso zaila da, ezinezkoa esango nuke"
Mendizaleen testigantzak
Domeka goizean izan ziren bi oldarraldiak, 09:15-09:30ak buelta horretan biak, bata Karakateko iturriaren gaineko aldean, eta bestea tontorretik beheko gurutzera arteko lautadan. Tontorra eginda zetorren behera mendizaleetako bat, eta aurrean agertu zitzaion txakurra. "Txakurra solte zegoen eta inguruan ez zegoen ez jabe eta ez beste animaliarik". Dio pauso batzuk aurrera egitea erabaki zuela, kontu handiz, baina metro beteko koska saltoan pasatu eta aurrean jarri zitzaiola txakurra, "zaunka eta lerdea dariola". "Bidea estua da han eta ez neukan ihesbiderik. Bi bastoi neuzkan eta haiek jarri nizkion aurrean, ukitu edo jo gabe, txarragoa izan zitekeelakoan, eta hasi nintzen behetik gora, atzeraka. Halako batean estropezu egin eta jausi egin nintzen, eta 'nireak egin du' pentsatu nuen. Deiadarka hasi nintzen, beldurrak akabatuta. Zela-hala eutsi nion makilekin, tentetu nintzen, eta halako batean isildu zen eta laga ninduen. Arnasa hartu nuen, baina beldurra ez dut kendu gainetik", zioen martitzenean. Gordean mantendu nahi du izena, ahal den azkarren ahaztu ahal izateko dena, baina neurriak hartzeko eskatu du, Karakate jende asko dabilen lekua delako.
Bergarako epaitegian salaketa jarri zuen astelehenean beste mendizaleak, Karakateko iturriaren gaineko aldean agertu zitzaion txakurra, atzetik segika: "Zerbait igarri nuen atzean eta han zetorren bi metrora sekulako bitxotzarra. Atzera begiratu nuenean niregana korrika hasi zen, zaunka betean, eta zoro baten pare oihuka hasi nintzen jabea ohartarazi nahian, baina han ez zegoen inor. Bastoiak neramatzan eta saiatu nintzen haiekin babesten txakurra oso oldarkor zegoelako eta atzeraka egiten ari nintzela jausi egin nintzen. Momentu horretan hilko ninduela sentitu nuen, lerdea dariola ikusten nuelako. Tentetu nintzen ahal nuen moduan. Makiletako bat galdu egin nuen eta bestearekin kontra egiten hasi nintzaion gainean neukalako, eta halako batean, nekatu zenean eta neu ere fisikoki akitu nintzenean, gelditu egin zen". Kontatu du atzeraka alde egiten saiatu zela eta, txakurrari bizkarra eman zionean, sentitu zuela hura gelditu zela, zaunka jarraitzen zuen arren. Aitortu du "bizian hilda" iritsi zela tontorrera eta han beste elgoibartar bat ikusi zuenean hartu zuela arnasa.
Tontorretik beherako bidea soken bidetik egin zuten biktima biek, nork bere aldetik eta elkarren berri izan gabe, mendian gora zihoazen guztiei gertatuakoaren berri emanez. "Umeekin-eta zihoazen batzuek buelta eman zuten", dio haietako batek. Mendizale horrek berak esan du bi direla Karakaten solte dabiltzan mastinak: bata, txuri-beltza eta, bestea, grisaxka, eta biek aitortu dute txakurren jabea Soraluzen bizi dela esan dietela. "Nik ezin dut konfirmatu uste dudan lekukoak direla, baina ez zait iruditzen poliziarentzat lan zaila izan behar denik hori egiaztatzea. Era berean, ez ditut ulertzen Soraluzeko alkateak prentsan egin dituen adierazpenak. Aurretik beste kasu batzuen berri izan badute, nora begira daude? Zer gerta zain daude?", salatu du epaitegian salaketa formala jarria duen mendizaleak. Aipatu du, baita ere, Iñigo Loiola Elgoibarko Udaleko zinegotzia jarri dela berarekin harremanetan telefonoz, eta kontu hartuko dutela agindu diola.