Euskal Kopako finalerako sailkatu da Alcorta, eta finalerdietarako Malape

Barren 2025ko ira. 30a, 17:00

Malape jokalariak aurreko partida batean. Sanlo EKT

Eibartarren aurkako derbia aise irabazita, Euskal Kopako finala jokatzeko sailkatu da Alcorta Forging Group. Era berean, Malapek etxean jokatuko du Euskal Kopako finalerdia. 

Euskal Kopako finalera sailkatu da senior gizonezkoen Alcorta Forging Group eskubaloi taldea. Zapatuan Olaizaga kiroldegian jokatu zuten finalerdian Eibar Eskubaloia B taldea izan zuten aurkari, eta 34-25 irabazi zuten elgoibartarrek. Erasoko jokoan Asier Urain (8 gol), Iker Gonzalez (5 gol) eta Javier Oregi (5 gol) nabarmendu ziren. 
Partidari neurria hartzea kosta zitzaiela aitortu dute Alcortako jokalariek, baina bederatzi goleko errenta pilatu zuten lehen zatian, eta abantaila hori funtsezkoa izan zen. Alde handiak goizegi lortzen direnean intentsitatea mantentzea zaila izaten den arren, susto handiegirik gabe eutsi zioten errentari bigarren zatian, eta garaipen argia lortu zuten auzokoen aurkako derbian. 
Euskal Kopako finala jokatzeko, baina, hilabete batzuk zain egon beharko dute, apirilaren 12an jokatuko baitute finala, liga txapelketaren amaieran. Basauriko Indupime taldea izango dute aurkari. Indupimek 31-29 irabazi zion Urdanetari beste finalerdian. Alcortak zapatu honetan, urriaren 4an, hasiko du liga txapelketa, Erromo taldearen aurka, Getxoko Gobela kiroldegian.

Malape finalerdietarako sailkatuta

Malape taldeak Euskal Kopako hirugarren neurketa jokatu zuen Barakaldon, Zuazoren aurka eta 22-24 irabazi zuten Sanlokoek. Azaldu dutenez, indarrez gainezka hasi zuten partida eta defentsan eginiko lan onak kontraerasoan jokatzeko aukera eman zien. "Erasoan ondo irten zaizkigu gauzak, eta errenta handiarekin ailegatu gara atsedenaldira. Bigarren zatian, baina, lo irten gara bai defentsan eta bai rasoan, eta markagailuan gerturatu zaizkigu. Halere, lortua genuen errentari esker garaipena eskuratu dugu", azaldu dute.

Garaipen honi esker, euren multzoko lehen postua eskuratu dute eta finalerdiak jokatzeko sailkatu dira. Etxean jokatuko dute finalerako txartela jokoan izango den kanporaketa, partida bakarrera. Urduliz taldea izango dute aurkari, zapatuan (urriak 4), Olaizaga kiroldegian jokatuko duten partidan. 19:30ean hasiko da.