Alcortak Eibarren aurka jokatuko du Euskal Kopako finalerdia

Barren 2025eko irailaren 22a

Alcorta Forging Group taldea.

Garaipenaren bidetik jarraitzen dute Sanloko taldeek Euskal Kopan, eta finalerdietarako txartela eskuratu du Alcortak. Malapek ere eskura du finalerdietarako sailkatzea.

Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak Loiun jokatu zuen Euskal Kopako hirugarren jardunaldiko neurketa, eta 19-24 irabazi zioten Urdanetari. Nabarmentzekoa da Asier Urainek lortutako gol kopurua, zortzi. Jokatutako hiru partidak irabazita, A multzoko lehen postua amaitu dute elgoibartarrak, 6 punturekin. Urdaneta geratu da bigarren postuan, 4 punturekin. Hala, Alcortak beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka, Eibar Eskubaloia B taldearen kontra, jokatuko du Euskal Kopako finalerdietako bat, partida bakarrera. Multzoko lehen postua eskuratzeagatik, Alcortak etxean jokatuko du finalerdia.
Zapatuan, apirilaren 27an, jokatuko dute finalerdia Olaizagan, 19:30ean. Partida berdinduta amaituz gero, penaltietara erabakiko da finalerako zein sailkatuko den. Elgoibartarren eta eibartarren arteko derbia ikustera eta etxeko taldea animatzera joateko deia egin dute Sanlotik.
Basaurik eta Urdanetak jokatuko dute beste finalerdia asteburuan. Finala, baina, apirilaren 12an izango da. Alcortak urriaren 4an hasiko du liga txapelketa, Erromo taldearen aurka, Getxon.

Malape, finalerdietarako bidean

Senior emakumezkoen Malape Taberna taldeak garaipen argia eskuratu zuen Kukullaga taldearen aurka Olaizagan jokatutako neurketan. Etxeko taldeak 35-22 irabazi zion Etxebarriko taldeari. June Zubiaurre eta Haizea Alonso izan ziren Malapeko goleatzaile nagusiak, 7 eta 5 gol sartuta. Lehen jardunaldian Zarautzen lortu zuten berdinketa eta gero, euren multzoko lehen postuan daude elgoibartarrak, 3 punturekin. Ameztoi Zarautz, Zuazo Senior eta Kukullaga Etxebarri taldeek osatzen dute B multzoa. Malapek Zuazo taldearen aurka jokatuko du hurrengo partida, zapatuan, Barakaldon. Irabaziz gero ziurtatuta du finalerdietako kanporaketa jokatzea, baina berdinduta edo galduta ere lor dezake sailkapena.

Malape taldeko jokalariak Lorea Gabilondo entrenatzaileari Kukullagaren aurkako neurketan. Arg: Sanlo.