Orientazio eguna, familian

Barren 2025ko ira. 30a, 10:45

Morkaikok antolatuta, familia orientazio proba izan zen Elgoibarren domeka goizean. Mapa bati jarraituz, talde bakoitzak bere estrategia prestatu eta ahalik eta puntu gehien lortzea zuen helburu probak. 60 bat lagunek hartu zuten parte. 

Morkaiko mendizale elkarteak Orientazio Eguna antolatu zuen domekarako. Familian egiteko proba prestatu zuten. Goizeko 11:00etan puntuan eman zituzten probaren azalpenak Kalegoen plazan, eta handik aurrera talde bakoitzak bere estrategia jarraituta, ahalik eta puntu gehien eskuratzea zen helburua. 11:30etik 14:00 arteko epea zuten taldeek herriko hainbat puntutan jarri zituzten balizak batzeko. Tartean, rappel, eskalada, abilezia eta memoria probak ere gainditu behar izan zituzten. Ez zen lehiaketa izan, eta bakoitzak bere indarraren arabera burutu zuen proba. 

Antolatzaileak pozik agertu dira probak emandakoarekin, eta partaideak ere gustura ibili ziren. Herrian zehar proba bitxi eta politak egiteko aukera izan zuten, eta orientatzen ikasteko ere balio izan zuen raidak.