Haundik eta Bergarak Mintxetan jokatu zuten ligako lehen partidaren atarikoan egin zuten Jose Arakistain Arrieta (Elgoibar, 1937) omentzeko C.D. Elgoibar kirol taldeak antolatutako ekitaldia. Bi taldeetako jokalariek ohorezko pasiloa egin zioten Arakistaini eta lora sorta bat eta oroigarrizko plaka bat jaso zituen honek zelai erdian. C.D. Elgoibarreko pesidente Txus Alzagaren eskutik jaso zuen oroigarria, eta bere iloba baten bi semeek eman zizkioten lorak.
Jose Arakistain goi mailako atezaina izan zen, bere sasoiko atezain onenetarikoa. Hamasei denboraldi egin zituen Lehen Mailan: bost Realean (1956-1961) zazpi Real Madrilen (1961-1968), hiru Elxen (1968-1971) eta bat Castellonen (1972-1973). Real Madrilekin Europako Kopa bat (gaur egungo Txapeldunen Liga) irabazi zuen 1965-66 denboraldian, eta Espainiako sei liga eta Generalisimoko Kopa bat ere irabazi zituen. Gol gutxien jasotzen dituen atezainari ematen zaion Zamora garaikurra ere eskuratu zuen 1961-1962 denboraldian. Sei alditan jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, eta Txileko 1962ko Munduko Txapelketan ere lehiatu zen Espainiako taldearekin.
Haundik eta Bergarak hutsean bukatu zuten Ohorezko Erregional Mailako ligako lehen jardunaldiko partida. 130 bat lagun batu ziren harmailetan.