Zapatu goizaldean irten ziren Madrid-Segovia Xtreme ultratrail lasterketako parte hartzaileak Madrilgo Plaza de Castillatik, 05:00etan, eta 18 orduko muga zuten 102 kilometroko ibilbidea osatu eta Segoviako akueduktu aurrean zuten helmugaraino iristeko. Erromesek erabiltzen zituzten abelbideetatik igarotzen zen ibilbidea, Guadarramako mendilerroan barrena hamar herritatik pasaz. CATT Morkaiko taldeko Jon Perez-Cortesek eta Juanan Martinek 13 ordu eta 8 minutuan bukatu zuten proba, 72 eta 73. postuetan. Maxime Bisson (08:14:01) eta Susana Arriols (09:55:49) izan ziren probako irabazleak.
Antxitxikari elgoibartarrak pozik daude emaitzarekin. "Marka polita dela uste dugu. Desnibela gehiegizkoa ez bazen ere, 2.100 metroko desnibel positiboa, bero handia egin zigun eta horrek asko gogortu zuen proba, eta hidratazioa zaintzea normalean dena baino garrantzitsuagoa izan zen. Gainera, ibilbide gorabeheratsuagoetara ohituta gaude gu, halakoxeak baitira lasterketa gehienak hemen, baina han erritmo biziagoetan ibiltzeko moduko bideetan ibili ginen, eta kosta egin zitzaigun erritmo biziago eta konstanteago horietara egitea", azaldu du Martinek. Probaren bukaera ere nabarmendu du mendi lasterkariak. "Erromatar akueduktu ezagunaren oinetan zegoen helmuga eta leku esanguratsu eta dotorea izateaz gainera, giro paregabea zegoen, nahiz eta guretzat inportanteagoa izan familiakoak zain genituela, lasterketa guztian moduan azken metroetan ere animoak emateko".
CATT Morkaikokoak Hiru Txikiak lasterketan
Ermuko Hiru Txikiak Trailaren 4. ekitaldia jokatu zuten joan den zapatuan, irailaren 20an, eta hor ere hartu zuten parte CATT Morkaikoko ordezkariek. Iban Santosek (55. postua), Iban Zelaiak (135. postua) eta Jon Rodriguezek (151. postua). Probari buruzko informazio osoa eta irudiak drogetenitturri.eus toki komunikabidean.