'Beste zerbait' nobela argitaratu du Danele Sarriugartek

Barren 2025ko ira. 22a, 14:10

Danele Sarriugarte 'Beste zerbait' nobela eskuetan duela. Aitor Karasatorre|FOKU

Arau heteropatriarkala kolokan jarri eta beste zerbait posible dela erakusten duen liburua argitaratu du Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989): Beste zerbait.

Bere aurreko bi nobeletan moduan (Erraiak eta Azala Erre) heteroheziketak sortutako zaurien eta ezinegonen kontaketa egiten du idazleak, eta haietan moduan, hemen ere badago minetik eta erresuminetik, baina beste zerbait gehiago ere badago hirugarren nobela honetan, Iratxe Retolaza literatur kritikoak, liburuaren aurkezpenean aurreratu zuenez. "Danele Sarriugarteren ahots literarioan gehien nabaritu dudan aldaketa izan da josi duela ahots amoltsu eta adiskidetzaile bat eta badagoela bere buruaren desirak baketzen dituen ahots bat liburuan, eta oso interesgarria egin zait hori, badagoelako, batetik, Sarriugarteren literaturaren aurreko amorru, kolpe eta zartatze hori, eta badagoelako, era berean, zartatze horrek sortutako arrakalak josteko ariketa bat, lur-hartze komunitariotik eta kuirretik egindakoa".

Maria Mur Dean Consonni-ren editorearen arabera, "nobela kuir eta mutantea da" Beste zerbait, eta jaso dute sinopsian ere, "desira eta hizkuntza ardatz dituen erresistentzia ariketa literarioa" dela, "bihotzean sartzen den liburua, azalean erretzen duena". "Protagonistak mutazio-gosez eta desiraz desplazatuta bizitzen eta idazten du; bizipen afektiboak, heziketa-esperientziak eta irakurketa feministak kiribilka doaz, hainbat ahots, forma eta tonuren bidez adierazita. Testuak lekukotasuna, hausnarketa kritikoa eta eszena narratibo gordinak tartekatzen ditu; espazio zartatu batetik idatzita dago: zakarra, sutsua, batzuetan hauskorra eta beste batzuetan amorruz betea", dio sinopsiak.

Retolazak esandakoaren haritik, Sarriugartek aurkezpenean esan zuen aurreko bi liburuetan haustura baten kontaketa dagoela, bai, baina gehiago dela atzera egin eta gauden lekura nola iritsi garen azaltzeko ahalegin bat, eta bazuela orain hurrengo pausoa emateko gogoa. Horri zor dio izenburua nobelak, idazleak "uneoro" buruan izan duen J.Martinaren izen bereko kantuarekin lotzen zuena, bereziki zati honekin: "Baina nik badaukat beste zerbait/argitzen dit gogoa, zorroztu ere bai/Eta ikusten dut banaizela/miseriatik at bizitzeko gai.