‘Azala erre’ eleberria aurkeztu du Danele Sarriugartek

Barren.eus 2018ko mar. 16a, 20:16

Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaile elgoibartarrak Azala erre izeneko lan berria aurkeztu du asteon, bere bigarren eleberria. Elkar argitaletxeak liburua aurkezteko booktrailer ikusgarria ere zabaldu du.

Danele Sarriugarte Mochalesek (Elgoibar, 1989) Erraiak (Elkar) plazaratu zuen 2014an, Igartza literatur sorkuntzarako beka irabazi eta gero. Hortaz, bigarren nobela du Azala erre (Elkar)
Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, bi artista, Miren eta Jon, eta artea ulertzeko modu bi jarri ditu talkan liburuan. "Eleberriak, modu oso objektiboan esanda, kontatzen du bi lagunen arteko istorio bat, Miren protagonista duena. Liburuaren hasieran dirua agertzen da, eta hortik abiatuta diru hori nondik datorren argitzen doa. Baina hori baino gehiago esango nuke artista baten ibilbideari buruzko istorioa dela, edo 30 urte inguruko pertsona batena..." azaldu du Sarriugartek Elkar aldizkariaren 51. alean egin dioten elkarrizketan. Aldizkariko azala ere eskaini diote idazle elgoibartarrari.
Joan den martitzenean aurkeztu zuen Sarriugartek bere lan berria Donostian. Aurrez, promozio moduan, Elkarrek eleberriaren inguruko booktrailera zabaldu zuen sare sozialetan. Maitane Osa zumaiarra da protagonista bideo ikusgarrian, eta baita liburuko azalean ere.