Elkarrizketa

Angel Ugarteburu: “Denok gara hegazti migrari, baina errari bihurtuko gara sustraietan daramagunari eutsi ezean”

Ainara Argoitia 2025ko ira. 19a, 14:20

Angel Ugarteburu 'Hegan eta jare' liburuarekin. BARREN

'Milloitik mundura' argitaratu eta hamazazpi urte geroago, bigarren liburu autobiografikoa argitaratu du Angel Ugarteburuk (Berriatua, 1942): 'Hegan eta jare'. 

Ume zeneko kontuak bildu zituen lehenengo liburu hartan (Milliotik mundura) baserriko bizimoduari lotutakoak, eta Derioko (Bizkaia) apaiztegian ikasten eman zuen denborako bizipenak eta diktadura osteko kulturgintzari eta politika giroari lotutako kontuak aletu ditu bigarrengo honetan, bere garaiko beste gazte askoren kontuak ere badirenak. Labayru Fundazioaren Sutondoan sortan argitaratu ditu biak, uztailean 'Hegan eta jare'.

Irakurri dizugu euskaraz irakurtzeko behar beste material ez izateak eraman zintuela idaztera eta jubilazioa hartu zenuenean ekin zeniola ordura arte idatzitakoak bildu eta osatzeari. Zelako ariketa izan da? Zelan izan da prozesua?
Oroimenean hazka ibili naiz; ez dut izan ezer asmatzen ibili beharrik. Familian metatutako memorian jardun naiz bila, eta bai, jubilazioa hartu nuenean ekin nion aurrez idatzita neukanari bueltaka, asko neukalako idatzita. Izan ere, Eibarko ikastolan irakaskuntzan hasi nintzenean material falta handia izan genuen eta han hasi nintzen umeei etxean entzundako istorioak kontatzen, bai ahoz eta bai idatziz. Eibarren fabrikatutako Amaya markako idazmakinan idazten nituen irakurgaiak, neuk asmatutako Patxikin pertsonaiaren istorioak-eta, baserriko eta itsasoko bizimoduei lotutakoak. Beharrak, premiak, eragindako beharra/lana izan zen hura, geneukana, antzinako estereotipoei lotutako Xabiertxo eskola-liburua eta fabulaz eta bertsoz osatutako Manuel Lekuonaren Txuri, Gorri eta Kikirriki, oso labur gelditzen zitzaigulako. Eibarren, ikastolak Urkiko Elizaren lokaletan zeukan gelako apaletan gordetzen nituen irakurgaiok eta akordatzen naiz nola azaldu zitzaidan arratsalde batez guardia zibil bikotea han, zertan ari ote nintzen galdezka, euskararen inguruan mugitzen ginen guztiok ginelako haientzat susmagarri. Gerora, Elgoibarren bizi nintzela, Ipuinak eta egiak bildumatxoa ere egin nuen, Jose Luis Murgoitioren marrazkiekin apainduta, eta urteetan han izan nituen papel horiek guztiak etxean, hori-hori eginda. Jubilatu ondoren hasi nintzen hari denari forma ematen, irakaskakuntzan egindako urteetan gustua hartuta idazteari. Nahi nuen ahoz kontatutakoez gain idatziz ere ematea seme-alabei gure bizimoduaren eta baserriko ezkaratzean entzundako hainbat konturen berri. Eta halaxe eskaini nion semeari, ezkondu zenean eta koadernotuta, bildumatxoa, gero Milloitik mundura bihurtu zena.
Eta gustua hartuta jarraitu nuen gero 1954tik aurrera bizi izandakoak jasotzen, alabari eskaintzeko. Handik sortu da Hegan eta jare.

Gehiagorengana ere iritsi zen, baina, alabari emandako hura.
Bai. Alabari ez ezik, lagunei ere bidali nizkien testu batzuk, informazioa ondo jasota zegoen ziurtatzeko eta osatzekorik ikusten zuten galdetzeko, eta Labayrukoek ere agertu zuten gero interesa. Baina gaixotu eta hil zitzaigun alaba eta laga genuen bertan behera dena, harik eta, orain, hamahiru urte geroago, liburu bihurtuta eman dugun arte. Igone Etxeberria Labayru fundazioko zuzendariarekin kontaktuan jarri eta haiek baietza eman zutenean, azken orraztu bat eman eta atera genuen. Ez zen beste munduko ahalegina egin beharrik izan, %90 bat idatzita neukalako.

Angel Ugarteburu eta atzean Andres Urrutia euskaltzainburua, 'Jare eta hegan' liburuaren aurkezpen egunean.

Ikasleentzat euskarazko irakurgaiak sortzen eman dituzu urteak eta euskaraz sortzera zaletutako haietako batek badu itxuraz zerikusirik bigarren liburu honekin. Ala?
Bai, ikasle izandako baten eskaerak zirikatu ninduen berriro memorian hazka hastera, Uxue Alberdik. Ahoz kontatutako istorioak behar zituela esan zidan, eta umetako pasadizoak, etxeko gertaerak edo kontu bitxiak kontatzeko eskatu. 2023 aldera izan zen hori, eta bidali nizkion ahozko kontaera batzuk. Horregatik diot Belarriko kilkerrak jarri zuela berriro errota martxan [Uxue Alberdik Elkar argitaletxearekin 2023an argitaratutako liburua da Belarriko kilkerra].

Liburu autografikoa dela esan dugu, baina hori baino gehiago ere bada: txataletan banatuta eta erraz irakurtzeko moduan emandako gure historiari buruzko liburu bat. Zer sartu eta zer bidali duzu ilunpera?
Pentsatuko du norbaitek ez dagokidan protagonismo baten bila ibili naizela, baina ez da hori. Gure garaiko mundua islatu nahi izan dut, neuk bizitakoetatik. Ez nuen, ezta ere, gaztelaniaz abuelo cebolleta esaten dugun hori izan nahi; kontua ez zen iraganeko istorio luze eta aspergarriekin inor higuintzea, ezpada neuk bizi izan dudan inguruko pertsonek garai bateko Euskal Herrian zer errepresentatu zuten eta zer eragin izan zuten islatzea. Une historiko garrantzitsuak; diktadura osteko urteak; Baserri Gaztedi eta Herri Gaztedi taldeetako dinamikak; orduko egoera politiko, ekonomiko eta soziala; gure garaiko gazteen ametsak; kultur eragile askorekin izandako harremanak… Gauza askori buruzko aipamenak datoz liburuan. Gure garaiko gazte askoren bizi-ibilaldi halako bat da.

"Hegaldatzen dakienak erlatibizatu egiten ditu arazoak eta askeago egiten du horrek, eta nik ere bizitzako arazo guztien gainetik egin nahi izan dut hegan, libre".

Zeri egiten dio erreferentzia 'Hegan eta jare' izenburuak?
Narrastien antzera gabiltza sarri, konturatu gabe sormenaren hegoak moztuta, ezerk ez gaituela libratuko gure ezinetatik. Narrastiari gertatzen zaio ez duela bertan alboan duen etsaia ikusten, baina hegaztiak, bai. Hegaldatzeko gai denak gehiago ikusten du goitik. Inoiz Elgoibarren arazoak izan genituenean egin izan nuen ariketa gomendatzen dut egitea: mendira igo eta han goitik begiratzea non gabiltzan gu, txiki-txiki. Hegaldatzen dakienak erlatibizatu egiten ditu arazoak eta askeago egiten du horrek, eta nik ere bizitzako arazo guztien gainetik egin nahi izan dut hegan, libre. Sasiak hor daude, urratu batzuk ere bai, baina aske jarraitzen dugu.
Edozelan ere, lehenengo beste izenburu bat neukan pentsatuta: Lizardi poetak amonaren heriotzean sortutako Bihotzean min dut poematik hartutako Nork lekuskez ikusi urte urdin ihesak. Elkar-etik esan zidaten, baina, Jesus Maria Olaizola Txilikuk hartua zuela bere azken nobelarako (Urte urdin ihesak. Elkar, 2025).

Bi liburu idatzi dituzu, baina ez dago bat irakurri beharrik bestea ulertzeko. Hala ere, badago bien artean hari bat izan daitekeena, baserria, eta badago baserrietako ezkaratzetako transmisio moldea erreproduzitzeko ahalegin bat ere.
Gu askotan elkartzen ginen baserriko ezkaratzean jokorako-eta, eta kontu asko irtetzen ziren han. Senide asko ere bagarenez, bazter askotan izan ditu gure familiak erro edo tentakuluak eta ahoz jasotako memoria metatu hori dago oinarrian. Ahozkotasuna eta belarriko euskararen oihartzunean datorren sentikortasuna eta transmisio emozionala jaso nahi izan ditut. Kirikiñok zioen su handia egiteko su txikiak piztu behar direla lehenengo, eta ahalegindu naiz tarteka jendeak barre egiteko kontuak sartzen ere.

'Zer ez dugun nahi beti izaten dugu argiago, zer nahi dugun baino', diozu, baina urte batzuk eman zenituen zuk zer bide hartu erabaki ezinda. Zerk atera zintuen noraez horretatik?
12 urterekin joan nintzen Derioko apaiztegira. Baserrian ez zenez denontzako ogibiderik, han sartzeko bidea egin zidaten amak eta herriko abadeek. Ikastera joateko aukera ederra zen orduan hura. Geroago, urteek aurrera egin ahala, hasitako bide hartan segitzeko prest nengoen zalantzan jartzen hasi nintzen. Herri mugimenduen berri izaten hasi ginen, herrietan lanean ziharduten abadeen lana ezagutzeko aukera izan genuen, eta gizarte arazoez kezkatutako abade gazteen eragin hori nabarmena izan zen gugan, aurrez aurre geneukan mundu gatazkatsuaz jabetzeko. Zeozer bageneukan argi, hala ere: euskararen eta euskal kulturaren alde egin behar genuela.
Herri Gaztediko mugimenduan eta tailerretan lanean hasi ginenean, harremanak izan genituen langileekin eta akordatzen naiz, Igorren ari nintzela, nola herriko gazte batek gomendatu zidan irakaskuntzan hastea. 'Tailerretan barik irakaskuntzan lan egin beharko zenukete, beste edozeinek bete ditzakeen lanak lagata. Gure neska-mutilen buruak argitzera hor datoz Gaztelatik-eta erdaldunak, Euskal Herria batere sentitzen ez dutenak, zuek hemen egonda', esan zigun gutxi gorabehera. Ez dut esango Frankismoa amaitua zegoenik, baina hasita zeuden Elizaren inguruan ikastolak-eta sortzen, eta geuk ere sinetsi genuen hor geneukala emateko gehien. Gure gurasoak eskolagabeak izan ziren, baina etxean jaso genuen euskal kultura eta naturarekin lotutako munduarekiko errespetua, eta aukera ikusi nuen irakaskaskuntzan hasita horri guztiari balioa emateko.

Irakaskuntzan egindako urteetan Elgoibarkoak oso urte oparoak izan ziren eta eskaintzen diozu tartea horri ere liburuan.
Eibarko ikastolan hasi nintzen irakurgaiak sortzen, eta materiala sortzen aritu ginen gero beste talde bat Elgoibarko ikastolan eta institutuan. 1980an, Elgoibarko ikastolan nengoela eta Irakasleen elkarteak eskatuta, Kirikiñok idatzitako Abarrak I eta II liburutxoak euskara batuan jarri nituen edozein eskolatan erabiltzeko; gero esaera traketsak eta erdarakadak jaso eta haiek zuzentzeko triptikoa ere egin genuen Elgoibarren, Andres Alberdi eta beste batzuek, eta 1982an, ikastola laga eta Batxilergoan klaseak emateko euskal irakasleen beharrak hartaratuta institutuan hasi ginenean, beste erronka bati heldu genion. Han ere testuliburuak falta, eta hogei urte eman genituen testuliburuak sortzen, eskura zeudenak Santillanaren itzulpenak eta abar zirelako, gure munduarekin zerikusirik ez zutenak. Geuk oposizioak prestatzeko egin genuen material bilketa ardatz hartuta eta Hezkuntza Sailak markatutako programazioari jarraituz sortu genituen testuliburuak. 1985etik 2005era jardun ginen Elgoibarko Euskara Mintegikook egiteko horretan, testuak sortzen eta egokitzen.

Diozu seminarioan sartu aurretik eta sartu berritan, zuk eta beste askok zenuten euskal kontzientzia hutsaren hurrengoa zela. Bururatzen al zaizu gaur kontzientziak esnarazi eta euskalduntasuna sustatzeko modurik?
18 bat urterekin piztu zitzaidan euskal kontzientzia, eta garaiak izan zuen horretan bere eragina. Frankoren erregimenak, nahi eta nahi ez, laxatu beharra izan zuen 1960tik aurrera. Giroa aldatu egin zen. Errepresioa erabatekoa izatetik sikiera Elizaren lokaletan euskara lantzen hasi ahal izan genuen, eta inguramendu politiko horrek, jakina, eragina izan zuen kontzientzia esnatze horretan; baita adinak ere. 12 urterekin sartu ninduten apaiztegian, tunela pasa eta abade eginda irtengo nintzelakoan; oporraldian apaiztegitik irteten nintzenean, baserrira bueltatzen nintzen. Horregatik eskatu genuen apaiztegitik irten eta lantegietan lanean hastea ere, gizartea hurbiletik ezagutzeko aukera izateko. Eta topatu genuen dena egiteko. Garai hartan, 60ko hamarkadan dena zen basamortu, baina aldi berean egoera horretan bultzatu behar horrek beti ematen du ekintzaile poz handiagoa.

"Ni ez naiz irakasle orain, baina konturatzen naiz zer zaila izan behar duen logika eta argumentazioa lantzea eslogan hutsen arabera mugitzen diren sentimentuei apelatuz bizi den gizartean"

"Gogoan eta begien aurrean izan beharko genuke gaurkoa –abereen irudia erabiliz-, nahi den beste bedar daukagunean, hausnar, tenplau bizi leitekela. Oraingo gazte askori be etorri egin jake asko, burrukan jardun barik", diozu horren harira 'Milloitik mundura'-n.
Hori da. Beste arazo bat ikusten dut nik orain: Momentu honetan Euskal Herria itsaso bat da eta eta mezu laburrek eta esloganek hausnarrerako aukerarik ematen ez duen gizarte batean bizi gara. Lehen behintzat oposizioa egiten genuen eta gure ildoa landu. Ni ez naiz irakasle orain, baina konturatzen naiz zer zaila izan behar duen logika eta argumentazioa lantzea eslogan hutsen arabera mugitzen diren sentimentuei apelatuz bizi den gizartean. Lehen sustraien bila ibili ginena, orain, sustraiak galdutako gizarte bat eraikitzeko arriskuan ikusten dut geure burua. Kosmopolis batean bizi gara; kosmopolis da gure aberria eta bakoitzak egingo du bere ekarria, dudarik ez dago. Gaur egun denok gara nahitaez migrari, baina hori bai, hegazti errari bihurtuko gara sustraietan daramagunari eutsi ezean; hau da, gure taldeari atxikita bizi ez bagara eta geure balio kulturalei eusten ez badiegu, sustrairik gabeko zuhaitzari pasatzen zaiona gertatuko zaigu: ihartu eta jausi.

Angel Ugarteburu senide eta lagunekin, Euskaltzaindiko atarian, liburua aurkeztu zuen egunean.

Badago nostalgia puntu bat liburuan, umetako mundua "sasi eta asun artean" galtzen ikusteak eragindakoa, baina badago itxaropenerako leiho bat ere: "Utopia ziruditen gauza asko gertatu diren bezala gauzatuko dira beste asko ere giza sormenari esker"
Norbere dekadentzia ezin dugu identifikatu gizartearen dekadentziarekin. Pertsona nagusiok 'Akabo! hau desastrea da, ez dago zereginik' pentsatzeko joera daukagu, baina ez. Gu izan ginen gazte, eta orain, besteei laga behar diegu lekua eta sinistu haiek ere egingo dutela. Guk ere geuk sortu genuen gure bidea, ahal zen neurrian herriarekiko konpromisoari eta hizkuntzarekikoari zegokionean gure aurrekoengandik zetorren ildoari eutsita. Ezin dugu pentsatu gu gainbeheran goazelako dena gainbeheran doala. Gu bagoaz, bazterrekoak gara dagoeneko, eta sinistu dezagun gazteek egingo dutela beren lana, belaunaldi bakoitzak baduelako bere indarra. Bestela, akabo.
Sortzeko ahalmen hori gizarteak beti izan du, nahiz eta nik momentu honetan arriskuan ikusten dudan, bere burua eta logika lantzeko orduan sekulako erasoa datorkiolako umeari kanpotik; behar duen baino informazio gehiago iristen zaio eta horrek ito egin dezake haren sortzeko gaitasuna, ez baldin badauka alboan inor aholkatuko diona, ez baldin badauka inor esango diona mezu laburrak gezurrak direla. Eta jasotako informazio guztia hausnartu barik planteatzen badu bizitza, beste baten txotxongilo izango da, eta haren sokatik ibiliko da beti, jabearen sokatik dabilen txakurra edo astoa nola. Denok egin behar dugu lan ondorengoak autonomo edo azalkeriaren eta faltsukerien hoolingan izan ez daitezen.

''Komunitatean hazten gara". Ikaragarria da erreferente izan diren zenbatekin gurutzatu zaren bizitzan.
Zorte handia izan da. Lehen esan dizudan tentakuluen kontuagatik da hori hein handi batean, senide askoko familia izateagatik, baina Herri Gaztedik ere harreman sakon asko eman zizkidan.
Komunitatean hazten gara, bai, baina nahitaez, pertsona bakoitzak bizi behar du bere bizitza, arrisku eta guzti. Hori da gizakiaren miseria, gure aiton-amonek 80 urterekin ohartarazten ziguten arrisku batzuez orain konturatzea ni 80 urtera iritsita, eta dozena bat aldiz jausi ondoren. Elkarrenak ezagututa, saia gaitezen zirkulo hori sikiera espiral egiten, progresioa izan dadin.