'Hegan eta jare' bere bigarren nobela aurkeztu du Angel Ugarteburuk gaur, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan

Barren 2025ko uzt. 22a, 18:16

Andres Urrutia, euskaltzainburua, Angel Ugarteburu eta Igone Etxebarria, Labayruko zuzendaria. Arg: Euskaltzaindia.

Liburu-dendetan salgai dago dagoeneko Angel Ugartebururen Hegan eta jare nobela. Liburu autobiografikoa da, baina belaunaldi oso baten lekukotza jasotzen du. Gaur aurkeztu du, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Labayru Fundazioaren Sutondoan sortan argitaratu dute liburua. 

2008an argitara eman zuten bere estreinako nobela moduan (Milloitik mundura) autobiografikoa da Ugartebururen bigarren hau ere: Hegan eta jare. Mutikotan Berriatuko (Bizkaia) baserritik irten eta Derioko apaiztegian sartu zenean hasten du kontakizuna, eta helduaroraino heltzen da. Bere bizitzako hainbat pasarte bildu ditu liburuan eta, kontakizun horren bitartez, bere moduko beste gazte askoren bizi-ibilaldia egiten du nobelan, belaunaldi oso baten lekukotza jasoaz.

Irakurgaia txatal laburretan eratuta dago, irakurtzeko erraza da, baina, aldi berean, aberatsa, Euskaltzaindikoek zabaldu dutenez. "Une historiko garrantzitsuak, urte biziak, gazteen nahiak, kulturako arduradunen egarria, poliziaren jazarpena, indarkeriaren hastapenak, gure administrazinoaren hasierako pausoak, dana egiteko egotea, gogoa eta kemena…hori eta gehiago irakurriko dugu liburuan Angelen lekukotasunaren bitartez", azpimarratu dute aurkezpenean. Liburua Labayru Fundazioak argitaratu du Euskaltzaindiagaz sinatutako hitzarmenaren barruan.