Usua de la Fuente bateria-jolea eta Koldo Soret abeslari eta gitarra-jolea dira Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Maalako parkean emango dute kontzertua gaur, 22:30ean hasita. Donostiarrak dira, ibilbide luzea egin dute musikagintzan, ia 400 kontzertu eman dituzte, hiru aldiz jaso dute Etxepare Euskal Institutuak banatu ohi duen euskarazko disko onenaren MIN saria, eta bost disko dituzte argitaratuta. 'Atea' du izena euren azken lanak. Udaberrian kaleratu zuten eta hamabi kantu ditu, punk ukitu handikoak. Diskoa besapean dutela etorriko dira, eta aurreratu dute kontzertua energia handikoa izango dela.
Bi Donostiar zarete; bi musikari eta bi instrumentu, baina jendeak jakin dezala zuzenekoetan banda oso baten soinua sortzen duzuela.
2011n sortu genuen taldea eta egia da entseguak hasi genituenean nik somatzen nuela baxu baten falta, hain gustuko ditudan soinu grabe horien falta. Eta hor piztu zitzaidan argia: oktabadore bat pasatzea gitarratik eta beste anplifikagailu batetik, eta baxuaren soinua simulatzea. Hala hasi ginen, jolasean, gaur egun garena izan arte: bi lagun, baina banda oso baten soinua egiten.
Bost disko dituzue argitaratuak, baina kritikari askoren esanetan, 'Don Condor eta Ñora Alacran' laugarren diskoaren ondotik, zuen esentziara itzuli zarete bosgarren honetan. Zein neurritan sentitzen duzu hala dela? Nola definituko zenuke zuen azken lana?
Esan dezagun Don Condor eta Ñora Alacran proiektu paralelo bat izan zela, gure alter egoaren alter ego bat, nolabait esategatik. Ni nintzen Don Condor, Chico Tornadoren alter egoa, eta Niña Coyoteren alter egoa zen Ñora Alacran, eta bion artean cumbia surf estiloko kantuak sortu genituen. Bi aurpegi oso desberdin dituen diskoa izan zen hura, eta diskoaren azalera, granada eta anana bat eraman genituen, bi aurpegi horiek irudikatuz. Estilo aldaketa erabatekoa izan zen, bai, nahiz uste dudan gure esentzia ilunetik ere asko duela disko horrek. Nolanahi ere, proiektu puntuala izan zen hura, oraindik hil ez dena, eta sortu zena hein handi batean Mexikora 2016an egindako bira batean horrenbeste entzun genuen cumbia generoarekin esperimentatzeko gogo batetik. Gustatu zitzaigun cumbia eta, erdi brometan, behin baino gehiagotan esan genion elkarri cumbia taldea izango ginela. Gero, pandemian, cumbia kantu batzuk ere sortu nituen etxean, gustatu zitzaizkigun eta pentsatu genuen erdia eta erdia egitea disko berrian: erdia Niña Coyote eta Chico Tornadoren kantuekin eta beste erdia Don Condor eta Ñora Alacranen kantuekin. Hori dena kontuan izanda batzuek intepretatuko dute gure betiko esentziara bueltatzea izan dela Atea, baina ez nuke esango horrenbeste izan denik.
Gehiago gustatzen zait esatea eboluzio bat izan dela, jarraipen bat. Hala ere, izan daiteke bosgarren disko hau punkagoa irten izana. Stonerrari lotuagoak egon gara orain arte, eta badu horretatik ere, baina bai, punkagoa da.
'Trash' kantuak zabaltzen du diskoa, garrasi batekin, eta amorru hori barnebiltzen du disko osoak. Artistoi entzuna da momentuan bizi duzuen egoeraren isla izan ohi direla zuen lanak. Zerk amorrarazten zaituzte?
Sentitzen dugunari eman diogu bidea, bai, eta diskoari buruz zerbait aipatzekotan esango nuke azkeneko disko honetan ahots gehiago sartu ditugula, aurrekoetan kantu instrumentalak gehiago izan direlako.
Gu beti izan gara antisistema eta gurea beti izan da gizarteari kritika egite bat, baina esango nuke bizi dugun munduan gure ideiak ez direla zureengandik asko aldenduko. Badaude barne-sentimenduei kantatzen dietenak, baina guk beti sentitu dugu gizartea astinarazi eta mugiarazteko jo behar genuela, ikustekoa delako munduan hainbat eta hainbat lekutan zein egoera penagarritan bizi diren gu hemen bizi garen moduan bizi ahal izateko. Eskuko telefonotik ari naiz zurekin orain musikari buruz, eta auskalo une honetan zenbat ume dituzten esplotatuta mehatzeetan kobaltoa ateratzeko. Dena da kapitalismoari eta diruari men egitea, eta horrek sortzen duen amorraziotik sortutako oihua da gure musika.
Badu musikak eta oro har kulturak iraultza egin eta gauzak aldatzeko ahal hori, baina batzuetan ematen du kapitalismoaren arma bihurtuta dabilela, merkatu-terminoei lerratuta. Nola baloratzen duzu, adibidez, ekitaldi masiboek herri txikietako kultura eta sozializazio sistemetan duten eragina?
Bai, ez daukat zalantzarik kapitalismoaren arma bihurtu dela musika eta Euskal Herrian hainbeste zabaldu diren kontzertu handietara joaten den jende guzti hori kapitalismoaren tranpan jausi dela. Eta honekin ez dut artisten kontra egin nahi eta ez dut esan nahi hori ez denik euskal kultura babestea, baina uste dut ona dela gure kontsumo-ohituren inguruan pentsatzea. Nik ikusten dudana da Euskal Herriko musika eszena izugarri handia dela, sekulako artista onak dauzkagula eta ez dela horrenbesteko jendetzarik batzen haien kontzertuetan, haiek ikustera joatea ere baden arren kultura babestea. Gertatzen da Gaztetxeetan, gertatzen da Bilboko Kafe Antzokian eta gertatzen da herrietako jaialdietan: arazoak daude sarrerak 10 euroan saltzeko! Eta halakoetan galdetzen diot neure buruari: 'Non dago areto handiak betetzen dituen jende hori guztia?'
Beste kontu bat da Sotoko Hotsak, urteetan eta ziurrenik guk uste baino zailtasun gehiagorekin, herriko musikazale talde batek [Sinuösek] antolatzen duen jaialdia.
Bai, eta guretzako ohore handia da hor jotzea, iruditzen zaigulako kulturaren benetako funtsa hor dagoela, musikarekiko maitasun hutsez herrietan sortzen dituzten jaialdietan. Uste dut izen bat hartu dugunoi tokatzen zaigula babes hori itzultzea antolatzaileei.
Estreinakoz Maalara iritsiko da Sotoko Hotsak. Zer topatuko du zuen kontzertura gerturatzen denak?
Beti bezala, energia dena jarriko dugu guk oholtza gainean. Izango da jende bat gure musika gustuko duelako etorriko dena, baina nik esango nuke egiten duguna ezagutzen ez dutenak edo gure musika estiloa hain gustuko ez dutenak ere gustura itzuliko direla etxera kontzertutik, zuzenekoak merezi duelako. Energia handiko kontzertua izango dela esan dezaket eta irakurleei esango nieke, kontzertura etorri edo etxean Netflix ikusten goxo-goxo gelditu duda eginez gero, etortzeko Maalara, ez direlako damutuko.