Maialen Gurrutxaga alkateak egin zuen Jasone Osororen ibilbide profesionalaren laburpen bat, komunikazioan Txitxilibakio eta BARRENen sorreran hasi zenetik, gaur egun arte. Literaturan egindako hainbat lan nabarmendu zituen, eta etengabe daukan ikuspegi feminista goraipatu zuten. "Inork ez du zalantzan jarriko Jasone Osorok sari hau benetan merezi duela", nabarmendu zuen alkateak. Lila emakumeen etxean egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta Gurrutxagak esan zuenez Lila izena bera ere Jasone Osorok proposatutakoa izan zen.
Lore more bat oparitu zioten, baina sorpresa eman zioten antolatzaileek beste opari intimoago batekin. Belar pilo baten irudia zeukan koadroa eman zioten. Osorok berak eman zituen argazki horren azalpenak. Bere lagun min Maider Eguesek ateratako argazkia zen. Jasonek berak esan zion izugarri gustatzen zitzaiola argazki hori, eta irudiarekin identifikatuta sentitzen zela. Hunkituta jaso zuen oparia.
Osorok eskerrak eman zizkien antolatzaileei, bere hautagaitza aurkeztu dutenei eta azken egunotan esker hitzak bidali dizkieten guztiei. Jarraian, bere ibilbidean emakume izateak zer suposatu dion esplikatu zuen, hiru alorretan banatuta: komunikazioa, literatura eta sarea. Bideoan duzue Jasoneren berbaldia.
Orain arteko sarituak
Lehen Lila Saria SANLO Eskubaloi Taldeak jaso zuen 2022an, emakumeen kirola sustatzeko egindako lanagatik. Bigarrengoz Elgoibar Ikastolako lehen andereñoa izan zen Itziar Ajuriari eman zioten; eta, eman duten azkenengoa, iaz, Haizea Emakume Taldeak jaso zuen.
*Irudiak: BARREN eta Mikel Askasibar.