Sanlok jaso zuen estreinako Lila Saria eta Itziar Ajuria saritu zuten iaz. Hirugarren Lila Saria Haizea Emakume Taldeari eman diote gaur.
Sari banaketa ekitaldian azaldu dutenez, Haizea elkartea funtsezko zutabea izan da emakume askoren bizitzan, eta prestakuntzarako, ahalduntzerako eta laguntzarako guneak eskaini ditu hainbat esparrutan, 1986an Elgoibarko Emakumeentzako Prestakuntza Zentro gisa eratu zutenetik gaur arte.
Ia lau hamarkadatan zehar, Haizeak jarduera sorta zabala garatu du Elgoibarko emakumeen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko. Lorpenik aipagarrienen artean, elkarteak eman zituen trebetasun praktiko eta teorikoei buruzko prestakuntza-tailerrak aipatu dituzte sari emalek, hala nola, artea eta artisautza, finantza-hezkuntza eta informatika. Horien bitartez taldeko kideen autonomia erraztu zutela azpimarratu dute. Halaber, osasunari, genero-indarkeriari eta lan-eskubideei buruzko hitzaldiak eta ekitaldiak ere antolatu ditu Haizeak urteotan, emakumeen eguneroko kezkak jorratuz eta erronka pertsonal eta profesionalei aurre egiteko tresna erabilgarriak eskainiz.
Prestakuntza-programez gain, emakumeen ahalduntzea sustatzeko Haizeak eginiko lana ere balorean jarri dute. "Emakumeek ikasten ez ezik, autoestimua indartzen eta lidergo-gaitasuna garatzen duten ingurunea sortu dute. Bere historian zehar, elkarteak erreferentzia-puntu gisa jardun du genero-berdintasunari buruzko mobilizazioak eta kontzientziazio publikoko kanpainak antolatzen, eta modu aktiboan lagundu du udalerriaren eraldaketa sozialean".
Lila Emakumeen Etxearen sorreran Haizeak izan duen inplikazioa ere nabarmendu du epaimahaiak, eta Lila inauguratu zenetik hiru urte bete diren egunean, gune segurua eta gogoeta kritikoa egiteko topagunea dela esan dute. "Etxe honetan emakumeen eskubideak sustatzearekin lotutako hainbat ekimen egin dira, erakusketak, eztabaidak eta lantaldeak barne, eta horiek gizarte bidezkoago baten helburua bultzatzen jarraitzen dute".
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga Haizeak Elgoibarko herriaren eraldaketa sozialean izan duen "berebiziko" garrantzian jarri du fokua. “Haizeako emakumeen lan nekaezina inspirazio-iturri izan da belaunaldi askorentzat. Erakutsi dute ausardiaz eta konpromisoz posible dela guztiontzat berdintasunezko etorkizun baterantz aurrera egitea. Elgoibarren erreferente izaten jarraituko du”, adierazi du sari banaketa ekitaldian.
Elgoibarren emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna modu esanguratsuan sustatzen lagundu duten pertsonak eta erakundeak ikusarazteko eta publikoki aitortzeko helburuarekin sortu zituzten Lila Sariak duela hiru urte eta Lila etxearen irekieraren urtemugan banatzen dituzte urtero.
Aurten, herriko eragileek eta herritarrek proposatutako sei hautagairen artetik aukeratu dute Haizea. Hautagaitza bakoitza bere eraginaren, garrantziaren eta genero-berdintasunarekiko konpromisoaren arabera ebaluatu dutela azaldu dute, hautaketa prozesu "zorrotza" jarraituz.
Epaimahaia Lilaren Mahaiko hiru kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Udaleko Berdintasun Arloko arduradunak eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak osatu dute.
Haizeakoek oroigarria eta 500 euro jaso dituzte saritzat. Sari banaketaren ostean, Beatriz Egizabal umoristak aurkeztutako Magma Mia bakarrizketa ikuskizunaz gozatu dute ikusleek.
*Argazkiak: Mikel Askasibar/ Elgoibarko Udala