Bernardo Ezenarrok Paristik ekarritako 30 laminatako bilduma aurkitu dute

Barren 2025ko ira. 18a, 14:23

Aurkikuntza baten berri eman dute Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrenari amaiera emateko egin duten ospakizun ekitaldiaren barruan. 

Makina Erremintaren museoko zuzendari Rafa Zulaikak Shanty Oria Etxanizek museoari egindako dohaintza baten berri eman du, eta funts hori gordailuan ematea irudikatu dute oholtzan. Bernardo Ezenarrok (1873-1956) Paristik ekarritako 30 bat laminatako bilduma da Oriak museoari emandakoa, Marrazki Akademian zein Arte eta Lanbide Eskolako irakaskuntzan erabilitakoak, orduan erabili zituzten ikasleen aztarnekin. Lamina horietako gehienen egilea Bernard-Romain Julien  litografo lapurtarra eta grabatzailea (Baiona, 1802-1871) izan zen, Parisco Eçole des Beaux-Artsen ikasitakoa, XIX.mendearen erdian ospetsu egin zena. 

Gordailua ematea irudikatzeko ekintzan Bernardo Ezenarroren ondorengoek, Leire Melgozak eta Esther Arakistainek, eta Shanty Oriak berak parte hartu dute Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrenari amaiera emateko egin duten ospakizun ekitaldiaren barruan. 

 

Bernardo Ezenarro, marrazketako maisu handia

Bernardo Ezenarro Aranburu (1873-1956) Elgoibarren jaio zen 1873ko abuztuaren 20an. Jose Domingo Ezenarro eta Petra Frantziska Aranburu senar-emazteen lau seme-alabetatik gazteena zen. 
Marrazketako maisu handia izan zen Ezenarro. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten hasi zen Eibarren. Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko Arte Akademia batera joan zen ikastera, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Elgoibarrera itzultzean, Marrazketa Akademia sortu zuen 1899an, eta hiru espezialitate irakasten zituen: lineala, apaindurakoa eta figuratiboa. Arte eta Lanbide eskola izango zenaren lehen urratsa izan zen, Udalak 1916an ireki baitzuen aipatutako eskola, honako irakasle hauekin: Jose Yeregi apaiza (fisika); Marino Rodriguez (aritmetika eta geometría); Pedro Larrañaga (frantsesa eta merkataritza-praktikak); Bernardo Ezenarro (marrazketa lineala eta dekoratiboa).

Bernardo Ezenarro Maria Osororekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten: Roman (margolari zaletua) eta Luis (apaiza eta Elgoibarko historialaria).

Berak sortutako eskolan hainbat urtean irakasle eta zuzendari izan ostean, Ezenarrok 78 urterekin hartu zuen erretiroa. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan. 1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. 

1956ko martxoaren 21ean hil zen Bernardo Ezenarro, eta egun hartako iluntzean, zegokion bilkura egin zuen Elgoibarko Udalak (Roman Ezenarro, Bernardoren semea, zinegotzia zen eta ez zen bertan izan arrazoi horregatik) eta erabaki zuen aho batez saioa amaitzea, dolua egiteko. Oso argigarria da aktan idazkariak jaso zuena Bernardo Ezenarrori buruz: “… pérdida que supone para el pueblo de Elgoibar la muerte de tan preclaro hijo eximio artista del pincel y maestro indiscutible….de la Escuela de Artes y Oficios dejando tras de sí una estela de triunfos y una pléyade de discípulos que le honran y admiran y representa el florón magnífico del progreso, laboriosidad y pujanza espiritual de este pueblo ejemplar”.

Elgoibarko udalbatzak herriko kale bat Bernardo Ezenarro izendatzea erabaki zuen. Lanbide Heziketako institutuak ere eduki zuen marrazketako maisuaren izena.