Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan hasi dute ekitaldia, duela 125 urte sinatu zuten agiri hura irakurriz. Aurkezle lanak egin dituen Garazi Ayestak irakurri du testua. Gero, "Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurreneko adierazpena" irakurri du eta adierazpen berri hori sinatu dute ordezkariek. Era berean, gaur 125 urte bete dituen Elgoibarko Lanbide Heziketaren mugarririk garrantzitsuenen errepasoa egin du Ayestak, hau da, 1899an Marrazketa Akademia inauguratu zutenetik CIFP MEKA LHII eta CIFP IMH LHII zentroak finkatu ziren arteko bidea ekarri du gogora. Mahai nagusian izan dira Maialen Gurrutxaga alkatea, Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Jose Mari Beristain MEKAko zuzendaria eta Alaitz Bastida IMHko Lanbide Heziketako zuzendaria.
Udaletxetik Aita Agirrera
Aipaturiko ordezkariez gainera, beste hainbat lagun batu dira gaurko ekitaldian: udal zinegotziak, bizirik dauden Elgoibarko alkate guztiak, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak, eta hezkuntza eta enpresa komunitateko hainbat agintari eta ordezkari. Lagun gehiegi zirela eta bi espaziotan banatu dute ekitaldia. Pleno aretoan zuzenean jarraitu ahal izan dute batzuek; eta, beste batzuek Aita Agirre eraikineko harmailetatik, telebista bidez, zuzenean eman baitute udaletxeko ekitaldia.
Pleno aretokoak bukatutakoan, Udal Txistulari Taldekoek gidatuta egin dute Aita Agirrerako bidea. Eraikineko arkupeetan izan du segida ekitaldiak. Elgoibarko Lanbide Heziketaren hastapenak gogora ekarri dituzte, Bernardo Ezenarrok lehen Marrazketa Eskolaren sorreran izan zuen funtsezko papera azpimarratuz. Amadeo Aizpitarteren legatua ere goraipatu dute, Lanbide Heziketako Eskola estatu mailako erakunde ofizial bihurtzearen buru izan baitzen. Eta azkenik Jesus Rementeriak aitortza jaso du lanbide heziketako irakasle guztien ordezkari gisa.
Plaka eta eskultura
Ekitaldiaren zati honetan udalerriaren hezkuntza-ibilbidea aitortzeko plaka oroigarri bistaratu dute arkupeetako zoruan eta Bernardo Ezenarroren eskultura bat ere bistaratu dute. Eraikineko leihoetako batean ipini dute Ezenarroren irudia. Horren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu dute, Elgoibarren prestakuntza teknikoa eta profesionala bultzatu zuten aitzindarien omenez. Amaieran talde argazkia atera dute partaide guztiek.