Jose Arakistaini omenaldia eginez hasiko du denboraldia C.D. Elgoibarrek

Barren 2025ko ira. 9a, 15:47

Jose Arakistain eta Vicente del Bosque Elgoibarren, 2019an, Elgoibar Europako Kirolaren Herria dela ospatzeko antolatutako ekitaldiaren aurrean.

Goi mailako atezaina izan zen Jose Arakistain Arrieta (Elgoibar, 1937) omenduz emango dio hasiera C.D. Elgoibarrek denboraldi berriari zapatuan, hilaren 13an.

Gizonezkoen Haundi taldeak Bergararen aurka jokatuko du ligako lehen partida Mintxetan, 17:00etan. Partida hasi aurretxoan egingo dute Jose Arakistain omentzeko ekitaldia. 

Jose Arakistain goi mailako atezaina izan zen, bere sasoiko atezain onenetarikoa. Oso gazte zela hasi zen nabarmentzen. C.D. Elgoibarren hasi zuen futbol ibilbidea. Soraluzen jokatu ohi zen txapelketa batean egin zuen debuta, aurrelari gisa aritu bazen ere. Izan ere, taldean atezainik ez zutelako hasi zen bera atezain gisa jokatzen. Hamasei urte zituenean Haundiren bigarren taldea zen Fleje taldera igo zuten eta urte bat geroago hasi zen nagusiekin jokatzen Haundin.

Realak fitxatu zuen 1955-56 denboraldian, baina Eibarrera joan zen, utzita. Halere, denboraldia amaitu aurretik egin zuen debuta Realarekin, 1956ko abenduaren 2an, Celtaren aurka jokatuz. 

Ibilbide luze eta oparoa osatu zuen futbolean. Hamasei denboraldi egin zituen Lehen Mailan: bost Realean (1956-1961) zazpi Real Madrilen (1961-1968), hiru Elxen (1968-1971) eta bat Castellonen (1972-1973). Real Madrilekin Europako Kopa bat (gaur egungo Txapeldunen Liga), sei liga eta Generalisimoko Kopa bat irabazi zituen. Gol gutxien jasotzen dituen atezainari ematen zaion Zamora garaikurra ere eskuratu zuen 1961-1962 denboraldian. Sei alditan jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, eta Txileko 1962ko Munduko Txapelketan ere lehiatu zen Espainiako taldearekin. 

Jose Arakistainek 1961etik 67ra jokatu zuen Real Madrilen.