Ermua eta Donostia lotzen dituen Lurraldebuseko linean jarri dituzte errefortzuak: 06:30eko eta 07:10eko autobusetan. Eta, gauza bera egin dute Donostiatik Ermuara irteten diren 14:30eko, 18:20eko eta 19:20eko autobusetarako. Alegia, autobus horiek beteta badatoz, atzetik beste batzuk etorriko dira sartu gabe geratu diren bidaiariei zerbitzua emateko. Errefortzu horiek astelehenetik barikura eskainiko dituzte.
"Badakigu errutinara itzultzean pertsona gehiagok erabiltzen dituztela autobus horiek. Aurreikuspenez jokatu nahi izan dugu, eta hasieratik indartuko ditugu ordu horiek, inor autobusera sartu ezinik gera ez dadin", azaldu du Azahara Dominguezek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. "Albiste ontzat" jo du ohiko zerbitzuak indartzea, bere berbetan horrek erakusten baitu gero eta gipuzkoar gehiagok aukeratzen dutela autobusa joan-etorrietarako.
Gainera, diputatuak aurreratu duenez, "UK05 (Zestoa > Ermua) linea ere bi espediziotan indartuko dute: 07:10ean Ermurako noranzkoan; eta, 14:40an, Zestorako noranzkoan.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak nabarmendu duenez, autobus zerbitzua indartzeko erabakia Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanaren emaitza izan da: “Autobus zerbitzua indartu da erabiltzaileen beharrak kontuan hartuta. Herritarren mugikortasun beharrak asetzea da gure helburua, eta horretarako, ordutegiak egokitu ditugu, eta eskaintza zabaldu, garraio publikoa benetan erabilgarria eta eraginkorra izan dadin".
Erabiltzaileen eskaera
Elgoibartik Donostiara eta Zarautzera joateko autobusa erabiltzen duten herritarrek eskatu zituzten errefortzuak duela bi urte. Autobusak beteta edo oso jarleku libre gutxirekin iristen zirela Elgoibarrera salatu zuten publikoki. BARRENek erreportaje batean jaso zituen zerbitzua erabiltzen zuten ikasleen eta beharginen testigantzak eta iritziak. Lurraldebusek linea batzuk indartu zituen arren, arazoa ez zen kopondu. Aldunditik zehaztu dutenez, behin-behineko irtenbidea zena egonkortu dute orain, eta astelehenetik aurrera eskualdea Donostiarekin lotzen duen Lurraldebus zerbitzuak etengabeko errefortzua dute, "benetan behar den uneetan".
3,5 milioi bidaia 2024an
Lurraldebusek 3,5 milioi bidaiako muga lortu zuen 2024an Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetan, 2023an erregistratutako datuak % 5,34 hobetuz. Gainera, jakinarazi dutenez, iaz 1.028 errefortzu eta 144 zerbitzu berezi jarri zituzten martxan bi eskualdeetan.
Linea erabiliena DB04 (Mallabia>Ermua>Eibar>Elgoibar>Mendaro>Deba>Mutriku>Ondarroa) izan zela azpimarratu dute, milioitik gora bidaiarekin; ondoren, UK10 (Zumaia>Getaria>Zarautz>Donostia), 659.977 bidaiarekin, eta UK09 (Zumaia>Getaria>Zarautz>Orio>Usurbil>Donostia), 597.831 bidaiarekin.
Erabiltzaileen profilari dagokionez, hamarretik sei baino gehiago (% 63,98) emakumeak izan ziren, eta % 36,02 gizonak.