Zorionekoa autobusa hartzen duena

Barren.eus 2023ko ira. 29a, 12:23

Unibertsitatean ikasturtea hasi denetik Zarautzera eta Donostiara joaten den autobusa hartzea ia ezinezkoa da Elgoibarren. Urazandiko autobus geltokian biltzen dira goizero-goizero langile eta ikasleak, egun horretan autobusa hartuko duten edo ez jakin gabe.

Autobusak beteta edo oso jarleku libre gutxirekin iristen dira, eta jendea kanpoan geratzen da (bideoan). Errefortzuak eskatu dituzte. Lurraldebus arazoaren jakitun da eta linea batzuk indartu badituzte ere, arazoa ez da kopondu.

Astelehena da, irailaren 25a. 06:30ak dira, eta Zarautz-Donostiarako autobusa 07:50ean iritsiko da. Dozena bat lagun daude geltokian, denak langileak. 20-25 bat minutu aurretik iritsi dira badaezpada, eta ilara egin dute, autobusera igotzeko iritsiera ordena errespetatzen dutelako. "Gaur ez gaude asko", esan du geltokian dagoen batek, eta denak kabituko direla uste du. "Autobus honetan normalean ez da arazorik egoten, Elgoibarren lan egiten dutenak hemen jaisten direlako, eta gu, igo". Iritsi da autobusa. Jaitsi dira hamar bat lagun, eta hasi dira Elgoibarkoak igotzen. Urrutitik geltokian autobusa ikusi duenik ere bada, eta korrika iritsi dira. "Hau ez da nik hartzen dudan autobusa", esan du korrika iritsi den emakumezko batek. "Nik hurrengoa hartzen dut, baina egoten den arazoa ikusita aurretik etorri naiz gaur, ea honetan sartzen naizen". Ez du zorterik eduki, eta hiru lagun kanpoan geratu dira; langileak hirurak. Txoferrak esan die berehala etorriko dela errefortzuko autobusa, eta poztu egin dira hirurak: "Hau sorpresa! badirudi gure kexek izan dutela eragina". Errefortzua iritsi arteko tartea aprobetxatu dugu beraiekin hitz egiteko. Zarautzera joatekoa zen bat eta beste biak Donostiara. Zarautzera joaten den gizonezkoak aspalditik erabiltzen du zerbitzu hau, eta aurten gertatzen ari denarekin harrituta dago: "Bost urte daramatzat Zarautzera autobusez joaten ordu honetan, eta inoiz ez dut egoera hau bizi. Bost urtean hiru bat aldiz geratuko nintzen kanpoan, baina aurten egunerokoa da hau". Ez dakite zer aldatu den aurten, baina izan daiteke trenez joateko Zumaian aldaketa egin behar delako, eta baita, txartelaren prezioa oso merkea delako ere. Mugi txartelarekin Donostiarako tiketa 1,33 euro ordaintzen dituela aipatu du lanera doanetako batek, baina zerbitzuarekin ez dago gustura. "Ordu erdi aurretik etortzen gara, eta hala ere, ez dugu jakiten autobusa hartuko dugun edo ez". Lanera berandu iristen dira askotan, eta goizean galdutako denbora hori berreskuratu egin behar izaten dute gero. "Eskerrak behintzat lanera sartzeko ordutegi malgua daukagun!". Elgoibartarrak bigarren mailako herritartzat dituztela salatu dute: "Ez dago eskubiderik. Elgoibar dagoen lekuan egonda, lotsagarria da daukagun autobus zerbitzua. Donostiara joateko autobusa beteta etortzen da Eibartik, eta Bilbora edo Gasteizera joateko ez daukagu autobus zerbitzurik. Ez dago eskubiderik. Erakundeetatik garraio publikoa erabiltzeko mezuak zabaltzen dituzte etengabe, eta hiriburuetara kotxez sartzeko gero, eta traba gehiago jartzen dituzte. Baina nola nahi dute garraio publikoa erabiltzea modu honetan?". Jende askok hiriburuetan lan egiteari uko egiten diola kontatu du batek, lanera iristeko dauden zailtasunengatik. Ikasleek duten arazoaz ere mintzatu dira, unibertsitateetara iritsi ezinak beste aukera batzuk aztertzera behartzen dituztelako askotan, pisua alokatzera, esaterako: "Baina gaur egun alokairuak duten prezioari familia askok ezin diete aurre egin. Autobusez joatea da askorentzat aukera bakarra, baina horretarako kalitatezko zerbitzua behar dugu". Unibertsitateak hiru hiriburuetan daudela gaineratu dute: "Pentsa Leioan edo Gasteizen ikasten duen elgoibartar batek zelako bidea egin behar duen egunero. Eta hori Elgoibarren bizi garela! Hiru hiriburuak ordu erdira ditugu, ezin hobeto kokatuta dago gure herria, eta ez daukagu zerbitzurik. Lotsagarria da". Iritsi da errefortzuko autobusa, eta hiru langileak joan dira lanera.
Tarte horretan jendea pilatu da autobus geltokian. Ikasleak dira gehienak orain, eta 07:20ko autobusaren zain daude. 25 minutu aurretik iritsi den ikasle batek bere egoera azaldu digu. Lau bat lagun ditu aurretik, eta gaur lasai dago: "Gaur sartuko naiz, baina ordu hauetan 25 minutu aurretik etortzea ez da erosoa". 07:20an hiru autobus etortzen direla kontatu digu. Horietako bi zuzenean joaten dira Ibaetako campusera, eta bat Donostiako autobus estaziora joaten da. "Ordu honetan hemen biltzen garen gehienak ikasleak gara, eta denok nahi izaten dugu unibertsitatera doan autobusa hartu". Hori lortu ezean, estaziora doan autobusa hartzen dute: "Gaitzerdi! baina horrek suposatzen du gero Donostian beste autobus bat hartu behar izatea unibertsitatera joateko, eta klasera berandu iristen gara". Bere iritziz, arazoa erraz konpondu daiteke, Elgoibartik zuzenean jarrita autobus bat. Bueltarako ere arazoak izaten dituztela aipatu du, eta esan du ikasturtea hasi denetik ez duela sekula lortu bueltarako autobusa hartzea unibertsitatean.
Mendaroko ikasle batek ere hitz egin du, Mendarokoen kasua kontatzeko. "Mendarokoa izanik Elgoibarrera etorri beharra asumituta daukagu, baina ez da normala ordua baino ordu erdi lehenago etorri behar izatea, eta gainera azken unera arte ez jakitea sartuko naizen edo ez. 07:10ean irteten da autobusa Eibartik, eta ni askotan 06:50ean Elgoibarko autobus geltokian egoten naiz, eta ez dut autobusean lekurik izaten". Unibertsitatean dituen ikaskideekin alderatu du bere kasua: "Zumaia, Zestoa, Zarautz eta inguruko ikaskideak ditut eta ordu erdiro daukate beraien herrietatik unibertsitatera autobusa. Elgoibarko zerbitzuak asko dauka hobetzeko".

2023 09 28 bus geltokia ilara elgobar errep BARREN 1


Ilara gero eta luzeagoa da, eta King-Kong zubian gora hasi da jendea pilatzen. Ikasleez gain, langileak ere badaude. Iritsi dira autobusak, eta bakoitzak berea hartu nahi du. Batzuek estaziora zuzenean doana hartu nahi dute, ikasleek zuzenean unibertsitatera doana eta Zarautzen lan egiten dutenek, berriz, Zarautzera sartzen dena, hiru horietatik bakarra. Ezinegona nabari da herritarren artean, autobus batetik bestera begira ari dira, lekurik badagoen begira. Txoferrak jaitsi dira laguntzera, eta aldaketa batzuk egin dituzte, jendea dagokion lekuan kokatzeko, baina denen gustua ezin izan dute egin, ez zeukatelako lekurik. Ikasle batek bere frustrazioa agertu digu une horretan: "Ikasturtea hasi denetik behin ere ezin izan dut hartu unibertsitatera zuzenean joaten den autobusa. Gaur ere estaziora doan autobusean joan beharko naiz, eta klasera berandu iritsiko naiz. Egoera hau jasanezina da". Haserre dago, baina zorionekoa da autobusa hartu duelako, oraingoan ere kanpoan gelditu baitira hainbat lagun. Horietako bi Zarautzera joatekoak ziren, lanera. Haserre daude, oso haserre. Bietako batek telefonoa hartu du, eta Lurraldebusera deitu du zuzenean: "Ez didate erantzuten, baina ez dut etsiko". Ez da deitzen duen lehenengo aldia. Kexa asko jarri dituela azaldu digu, baina ez diotela erantzunik ematen. Beste langilea haserre dago, baina lasaiago, gaur ez daukalako lanera lehen orduan iritsi beharrik: "Hurrengo autobusaren zain geratuko naiz ea sartzen naizen, eta bestela autoa hartu beharko dut". Hori esateaz bat zenbatu dizkigu autoz joatearen desabantailak: "Askoz garestiagoa da autoz joatea. Autopista eta gasolina ordaindu behar ditut, eta gainera, Zarautzen aparkatzea izugarri kostatzen da. Autobusez joatea askoz merkeagoa eta erosoagoa da, baina daukagun zerbitzuarekin gogaikarria bihurtu da".

• Erakundeak arazoaren jakitun
Lurraldebusek hamaika kexa dauzka dagoeneko. Autobusera igo ezinda geratu den batek esan digu kanpoan geratzen den guztietan deitzen duela kexa jartzeko: "Ez dakit zeozertarako balio duen, baina behintzat jakin dezatela". Beste batek irakurri zuen joan zen astean Maialen Gurrutxaga alkateak agerkari honi emandako erantzuna, eta ulertu arren, uste du Elgoibarko Udalak egin dezakeela zerbait gehiago: "Ulertzen dut garraio publikoa ez dela Udalaren konpetentzia, baina Aldundian bere alderdikideak daude agintean eta guk baino gehiago eragin dezake". Hain justu ere, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Garraio Agintaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia aste honetan bildu dira, eta neurriak hartu dituzte ordutegi jakin batzuetan, autobusen eskari handiari eta espazio faltari aurre egiteko. Udaletik jakinarazi dutenez, errefortzuak jarri dituzte B02 eta UK05 lineetan, honako ordutegi eta irteera hauetan: Ermua: 06:30, 14:40 eta 15:10; Zestoa: 07:10 eta Donostia: 14:30. Erakunde horiek elgoibartarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko konpromisoa hartu dute. Aste honetan bertan jarri dituzte martxan errefortzuak, baina erabiltzaileek esan dute ez dela nahikoa: "Astelehen eta asteartean errefortzua etorri zen, baina asteazkeneko egoera bestelakoa izan zen. 06:50ean iritsi zen autobusa, eta lau lagun sartu ziren. 9 geratu ginen kanpoan, eta hori ikustean eman zuen abisua txoferrak. Errefortzuko autobusa berandu etorri zen, eta ni, berandu iritsi nintzen lanera". Arazo handiagoa ikusten dute, dena den, 07:20an, ikasleek ordu horretan hartzen dutelako autobusa, eta indartu beharreko linea hori izan beharko litzatekeela gaineratu dute: "07:20an berdin jarraitzen dugu. Ordu horretan jarri beharko lukete zuzenean unibertsitatera joateko beste autobus bat, Eibartik beteta etortzen direlako".