Domeka goizean jokatuko dute Lizagasar erronka

Barren 2025ko ira. 3a, 09:53

Lizagasar Sagartokiko sagastietan barrena jokatzen den mendi lasterketaren hirugarren edizioa antolatu du CATT Morkaikok irailaren 7rako.

Lehen bi ekitaldiak zapatuan jokatu zituzten arren, hirugarrengoa domeka goizean egitea erabaki dute antolatzaileek, Arriagako San Antolin jaiekin bat ez egiteko. 

10:00etan irekiko dituzte Lizagasarreko ateak eta txosnan pintxoak eta edariak erosteko aukera izango dute bisitariek. Parte hartzaileei dortsalak banatuko dizkiete gero eta 11:00etan hasiko da lasterketa. Umeentzako Erronka Txikia 11:15ean abiatuko da.

Lizagasarren 2.300 sagasti daude, 60 sagasti sailetan banatuta; 30 aldapan gora eta beste 30 aldapan behera, eta horietan arituko dira antxitxika partehartzaileak 8 kilometroko ibilbidean. Desnibel positiboa 750 bat metrokoa izango da eta %35eko maldak gainditu beharko dituzte ibilbide gorabehereratsuan. Indarrak eta burua galtzeko sagu tranpa bat", antolatzaileen berbetan. Aurrenekoa 12:00ak alderako ailegatuko direla helmugara kalkulatzen dute. 13:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Antolatzaileek 50 dortsal banatuko dituzte egunean bertan, 10:00etatik 10:45era. Federatuta egotea derrigorrezkoa izango da. Erronka Txikian parte hartzeko, berriz, ez da mugarik egongo. 12 urtera arteko umeek har dezakete parte. Ez da proba lehiakorra izango eta partaide guztientzat egongo da oparia.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kirol proba ikusteaz gainera, Lizagasar eta bere sagastiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute ikusleek. "Sagartokixan barrena askatasunez ibili ahal izango dute eta nahi duten lekua aukeratu erronkaz gozatzeko eta partaideak animatzeko". 
Musika ere izango du erronkak, artz.A DJ bikoteak girotuko baitu kirol-proba. Era berean, txaranga bat ere egongo da.

Iazkoan 27 lagunek hartu zuten parte eta Iñigo Lariz eta Alazne Lozano izan zen azkarrenak.

Estreinako edizioan Iñaki Goenaga eta Lorea Totorika gailendu ziren.