Lizagasar erronka estrainatu zuten iaz CATT Morkaiko eta Lizagasar sagartokiak, eta zapatuan egin zuten bigarren edizioa. Upeltegi berria inauguratu zuten eguerdian, eta arratsaldean jokatu zuten erronka. CATT Morkaikoko kideek eta Mendaroko Lizarpe mendi taldeko hainbat lagunek hartu zuten parte. Guztira 27 lagun izan ziren parte-hartzaileak, tartean hiru emakume.
18:30ean puntuan ekin zioten probraro sagartoki sarreran, eta sagastirantz abiatu ziren korrikalariak. 60 sagasti ditu sagartokiak, 30 gorantz eta beste horrenbeste beherantz. 8 kilometroko ibilbidean 750 metroko desnibel positiboa dauka ibilbideak.
Iazko irabazlea Iñaki Goenaga jarri zen lasterketa buruan hasieratik, baina gertutik segika zuen uneoro Iñigo Lariz. Sagastietako lana amaitu ostean berriz ere sagartokira itzuli behar zuten korrikalariek, eta upategi barrutik pasatuz iritsiko ziren helmugara. Iñigo Lariz izan zen lehenengoa, 50:36 denborarekin, eta Iñaki Goenaga bigarren lekuan helmugaratu zen 53:05 denborarekin. Urko Lozano izan zen hirugarrena, 55:15 denbora eginda.
Sari banaketa egin aurretik polemika bati soluzioa eman behar izan zioten epaileek, izan ere, Iñigo Larizek akatsa bat egin zuen ibilbidean. Bi minutuko zigorra jarri zioten, beraz, bere azken denbora 52:36koa izan zen, baina hala ere, berak jantzi zuen lasterketako irabazlearen txapela.
Emakumezkotan Alazne Lozanok egin zuen denborarik onena eta 1:14:45 denborarekin bera izan zen txapelduna. Pilar Arriola korrikalari beteranoa bigarren lekuan iritsi zen 1:17:14 denbora eginez, eta Laura Cid izan zen hirugarrena, 1:46:02 denborarekin.
Helduak sagastietan zehar korrika ari ziren bitartean, sagartokiko upategi berriaren inguruan umeak ere saltaka jarri zituzten antolatzaileek. Adin tarteetan banatuta, bi lasterketa egin zituzten sagartokira hurbildu ziren txikiek, eta saririk egon ez bazen ere, lehia bizian aritu ziren txikiak ere.
Egunari amaiera emateko txarangak jo zuen, eta afaria egin zuten lasterkariek sagartokian bertan.
Upategi berriaren inaugurazioan ere jende asko batu zen eguerdian, eta Lizagasar sagartokiko instalazio berriak ezagutzeko aukera izan zuten. Oraindik azken detaileak falta badira ere, laster irekiko dute sagartokia.