Sanbartolomeak

Umeen eta adinekoen eguna, argazkietan

Barren 2025ko abu. 28a, 22:12

Bi eguneko atsedenaldiaren ostean, umeen eta adinekoen eguna izan da gaurkoa sanbartolomeetan.

Jaietako bigarren sokamuturrarekin hasi da eguna, eta horren ostean, gaztetxoenek eta zaharrenek hartu dituzte kaleak. Mezaren ostean, jubilatuentzako bazkarira kalejiran joan dira partaideak, Eibarko Ustekabe txarangak gidatuta. 270 bat lagunek bazkaldu dute Olaizaga kiroldegiko kantxan, eta ohi duten moduan, dantza eginez bukatu dute. Cafe Irlandes musika taldeak girotu du bazkalostea, era guztietako doinu dantzagarriak joz.
Festara batu diren adinekoak ugari izan badira, are gehiago izan dira gaztetxoak. 300dik gora umek hartu dute parte haurrentzako herri-bazkarian. Elizako arkupeetan jan dituzte etxetik eramandako ogitartekoak eta janariz betetako ontziak. Freskagarriak eta postea bertan eman dizkiete. Bazkalostean apar festaz gozatzeko aukera izan dute. 

Dantza solteko txapelak Bergarara

Haritz Euskal Dantzari Taldeak antolatzen duen Dantza Solteko Txapelketa egin dute arratsaldean Kalegoen plazan. Aurten hamasei urtetik gorako dantzariak lehiatu dira, bederatzi bikote guztira. Bi pieza dantza egin ostean, epaimahikideek Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak izendatu dituzte irabazle. Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrak izan dira txapeldunorde eta hirugarren postua ere bikote azpeitiar batek eskluratu du, Iker Zabalak eta Ekain Uzkudunek osatutakoak.