Imintzio eta umore artean, ume sasoiko oroitzapenak, pasadizoak, txisteak, hitz-jokoak, bertsoak eta gertaerak izan ditu hizpide Ugarteburuk. Altxor handia berreskuratu du Angelek bere memoriatik. Ondare polita berriatuarrentzat eta euskararentzat. Orain liburuan jasota daude denak, bertako euskalkian. Dokumentu ederra orduko bizimoduaren berri jakin nahi duenarentzat. Graziaz, gatzez eta piperrez jantzita, gainera. Liburua ohiko dendetan egongo da salgai, erosi nahi duenarentzat.
Berezia izan zen aurkezpena: umorez eta barrez jantzia, batetik, baina xamurra eta hunkigarria ere bai, bestetik. Irribarre printzak eta sentimenduzko bizipenak nahasian ibili ditu Angelek aurkezpenean. Barru-barrutik ateratako sentimenduak dira, Angelek urtetan gori-gori barruan izan dituenak. Orain berriatuarrekin konpartitu ditu, eta herritarrek majo eskertu diote.
• Berriemalea eta argazkiak: Abel Irizar