Umetako eta gaztetako kontuak eta 80ko hamarkadatik gaur arteko beste bizipen batzuk jaso ditu Ugarteburuk Hegan eta jare izenburua duen liburuan. Labayruk argitaratu du.
Idazleak azaldu du 2007an, jubilatu zenean, ekin ziola paperetan eta oroimenaren zokondoetan zituen berba, istorio eta ipuinekin, eta familiako historiaren zati batzuekin bilduma osatzeari, eta urte horretan ezkondu zen semeari oparitu ziola idatzi hura, familiako kontuen berri izan zezan. Idatzi hori beste hainbat lagunek ere irakurri zuten, baina, eta haiek animatu zuten publiko egitera. Halaxe eman zion argitara Labayruk 2008an Milloitik mundura. Ume-denborako oihartzunak, Sutondoan sortaren barruan.
Idazteari gustua hartuta, 1954an seminarioan sartu zenetik aurrerako kontuak idazteari ekin zion gero, "memoriak huts egin baino lehen jasoak gera zitezen". Alabari eskaini zion bigarren bilduma hori Ugarteburuk eta argitara emango ziotela agindu zioten Labayrukoek, baina 2011n, alaba hil zitzaion gaixotasun larri baten ondorioz eta bertan behera utzi zuen proiektua. "Hala egon da idatzi hori artxiboan mutu. 2023an Uxue Alberdik nire bizitzako pasarte batzuk ahoz emateko eskatu zidan eta berriro martxan jarri zen errota", azaldu du idazleak. Eta ekin zion berriro umetako eta gaztetako kontuak gogora ekarri eta idazteari. "Idatzia neukan %80a eta hori errepasatzen eta osatzen eman dut azken urte eta erdia. Hala dator Hegan eta jare 17 urte geroago.