Musika elektronikoak hartuko ditu zapatuan Elgoibarko kaleak

Barren 2025ko uzt. 17a, 11:35

Urban Fest jaialdian parte hartuko duten DJak.

Aizu! Elgoibarko ostalarien elkarteak Urban Fest jaia antolatu du, eta DJ saioak izango dira zapatuan herriko sei gunetan. 

Khris Rios DJ elgoibartarra da Aizu Urban Fest musika jaialdiko sustatzaileetako bat, eta azaldu du nazioartean aritzen diren hiru DJ gonbidatu dituztela: Mathew Codek, Angel Heredia eta Mendo (Clarisse Records). Azken hori izango da jaialdiko kartelburua. Clarisse Records diskoetxeko burua da artista suitzarra, eta musika elektroniko zaleen artean estimazio handia izan duten 200 pista baino gehiago sortu ditu. 

Sona handiko DJak ekartzeaz gain, tokiko talentua sustatzea eta ezagutzera ematea ere badela euren asmoa dio Riosek, eta Elgoibarko eta inguruko herrietako DJ ugarirekin osatu dutela kartela. 

Elgoibarko sei gunetan arituko dira DJak musika jartzen:

  • Kalegoen plazan hasiko da jaialdia umeentzako dantza urbanoen ikastaro batekin, 12:00etan. Jaialdia bera Khris Riosek eta Kapitainak hasiko dute, 13:00etan, Kalegoen plazan.
  • Kultur Etxe aurrean, berriz, Beato, J eta Vicario b2b Roke arituko dira musika jartzen, 14:00etatik 16:00etara.
  • Lekuederren, bestalde, DJ Mari elgoibartarra eta Isma Level egongo dira 16:00etatik 18:00etara.
  • King-Kong parean DJ Nes-k, Omlila eta LindaEve izango dira, 18:00etatik 20:00etara
  • Pilon parean, Javier Ganuza, Artetxe eta Imanol B2B Jainaz arituko dira, 20:00etatik 22:00etara bitartean. 
  • Maalako parkean arituko dira, 22:00etatik 01:00etara, sona handieneko hiru DJak: Mendo, Matthew Codek eta Angel Heredia.