Aizu Urban Fest jaialdia antolatu du ostalarien elkarteak uztailaren 19rako

Barren 2025ko uzt. 2a, 17:58

Mendo DJ suitzarra izango da Aizu Urban Fest jaialdiko kartelburua.

Elgoibarko kaleak musika elektronikoz girotuko ditu Aizu ostalarien elkartekoek uztailaren 19rako antolatu duten jaialdiak.

Herria musika elektronikoz blaitzea da Aizu Urban Fest jaialdiaren asmoa. Halaxe adierazi du jaialdiaren sustatzailea den Khris Rios DJ elgoibartarrak. Herriko sei gunetara zabalduko dute jaialdia eta 13 orduko iraupena izango du: Zapatu eguerdian hasiko da, 12:00etan, eta domeka goizaldeko 01:00ak arte iraungo du.

Parte hartuko duten DJen artean, nazioartean aritzen diren hiru daudela azpimarratu du Riosek: Mathew Codek, Angel Heredia eta Mendo (Clarisse Records). Azken hori izango da jaialdiko kartelburua.  Clarisse Records diskoetxeko burua da artista suitzarra, eta musika elektroniko zaleen artean estimazio handia izan duten 200 pista baino gehiago sortu ditu Mendok 15 urtetik gorako ibilbidean. Sona handiko DJak ekartzeaz gain, tokiko talentua sustatzea eta ezagutzera ematea ere badela euren asmoa dio Riosek, eta Elgoibarko eta inguruko herrietako DJ ugarirekin osatu dutela jaialdiko kartela.

Aizu Urban Fest jaialdia doakoa izango da eta sei gunetan egingo dute: Kalegoen plaza, Kalebarren plaza, Lekueder, King Kong, Maalako parkea eta Pilon tabernaren aurrealdea. Hona sei guneotan arituko diren DJak:

Kalegoen Plazan 
Umeentzako dantza urbanoen ikastaro batekin hasiko dute jaialdia Kalegoen plazan egongo den gunean, 12:00etan. Jaialdiari hasiera, baina, Khris Riosek eta Kapitainak emango diote 13:00etan Kalegoen plazan. 

Kalebarren plazan
Kultur Etxe aurrean, Kalebarren plazan egongo da jaialdiko bigarren gunea. 14:00etatik 16:00etara Beato, J eta Vicario b2b Roke arituko dira musika jartzen. 

Lekueder parkea
Hirugarren gunea izango da Lekueder parkea eta 16:00etatik 18:00etara arituko dira bertan DJ Mari elgoibartarra eta Isma Level. Oroitzapenak freskatzeko moduko musika jarriko dutela aurrerau dute.

King-Kong
Laugarren gunea hartuko du King-kong-ek, 18:00etatik 20:00etara. Emakumezko DJen musika entzuteko aukera izango da gune honetan, honako hiru hauena: DJ Nes-k, Omlila eta LindaEve. Armonia eta doinu melodikoen gunea izango da.

Pilon parean
Bosgarren gunean, Pilon parean, Javier Ganuza, Artetxe eta Imanol B2B Jainaz arituko dira, 20:00etatik 22:00etara bitartean. Herriko DJek jaialdiaren azken txanpa girotu eta giroa berotzeko ardura izango dute.

Maalako parkean
Seigarren gunean, Maalako parkean, 22:00etatik 01:00etara arituko dira sona handieneko hiru DJak: Mendo, Matthew Codek eta Angel Heredia. "House musika indartsua eta groovea duen techa amaiera ezin hobe batentzako", azaldu dute antolatzaileek.