Alejandro Clementek lau aldiz irabazi du Espainiako Puzzle Txapelketa eta munduko txapelduna ere izana da; bai banaka eta bai bikoteka. Kataluniarra den arren, elgoibartarra du ama, eta Urajaikoek lotura hori baliatu dute txapelketa berezi hau antolatzeko. Elgoibarko lehiaketa irababazten dutenei Alejandro Clementek sinatutako bi puzzle emango dizkiete.
Uztailaren 9a zen puzzle lehiaketan izena emateko azken eguna. Izena emandako bikoteek 500 piezako puzzlea osatu beharko dute, eta bi ordu izango dituzte horretarako. Herri Eskolako patio estalian jokatuko dute txapelketa, bihar, 11:30etik aurrera.
Parte hartzaile guztiek jasoko dute saritzat lehiatzeko erabiliko duten puzzlea. Bikote irabazlearentzako saria 2.000 piezako puzzle bana izango da. 1.500 piezako puzzlea jasoko dute bigarren postuan sailkatzen direnek, eta 1.000 piezako puzzleak hirugarrengoek.
Dena prest jaietarako
Gaur hasiko dituzte Urazandi auzoko jaiak 19:00etan botako duten trakarekin. Ondoren, txapel-jaurtiketa, chaves eta igel-toka txapelketak jokatuko dituzte Herri Eskolan, eta ping-pong txapelketa ere antolatu dute, Herri Eskolan edo Urazandiko parkean egingo dutena. Urajaiokoek dena prest dute jaietarako eta eguraldia ez dela aitzaki izango adierazi dute. "Dena estalita dago, beraz, eguraldiak ez gaitu geratuko. Etorri, dantzatu, gozatu... eta iezazula inork konta, hobe norberak festak bizitzea".
Txurreria eta janaria prestatzen duten furgonetak eta auzotarrek kudeatuko duten taberna ere ez dira faltako festagunean, Herri Eskolako jolastokian. (egitarau guztia HEMEN)