Auzoa girotuta dagoela hasiko dituzte Urazandiko jaiak barikuan

Barren 2025ko uzt. 9a, 16:56

Urazandi auzoko balkoiak hainbat koloretako banderatxoz bete dira azken egunetan, jaietarako gutxi falta dela iragarriz.

Uztailaren 11n hasiko dituzte Urazandi auzoko jaiak 19:00etan botako duten trakarekin. Ondoren, txapel-jaurtiketa, chaves eta igel-toka txapelketak jokatuko dituzte Herri Eskolan, eta ping-pong txapelketa ere antolatu dute, Herri Eskolan edo Urazandiko parkean egingo dutena. Eta jaiak indartsu hasteko pintxo-potea ere iragarri dute 19:30erako, bai eta disko-festa ere Tilla disko jartzailearekin.

Gauean, disko festak eta apar festak bat egingo dute, 22:00etatik aurrera. Biharamunerako, egun osoko egitaraua antolatu dute, Mauxitxa txarangaren ohiko kalejirarekin, herri-bazkariarekin eta Mariatxi kantaldiarekin.

Berrikuntzak ere izango dira, baina. Hasteko, 11:30etik 14:00ak bitarterako, puzzle txapelketa antolatu dute. Aepuzzek gidatuko du txapelketa eta binaka parte hartu beharko da. Iluntzerako, berriz, dantzaldia iragarri dute. 80ko eta 90eko hamarkadetako musika jarriko dute, eta dantzaldiaren ondoren, kontzertuak ere izango dira. Kitziki eta Brilet taldeen emanaldiak zituzten iragarrita, baina Briletek ezingo du parte hartu, eta haren ordez Azkaiter Pelox taldeak joko du. Eguna, disko festarekin eta apar festarekin amaituko dute, bezperan bezala.
Domekan amaituko dituzte jaiak. Bereziki haurrei eskainitako eguna izango da.

Aurten, eta berrikuntza gisa, leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak ere sortu dituzte jai-batzordekoek lepoko zapiez gain, eta salgai daude PSE-EEren lokalean eta Celia tabernan: 3 euroan banderak eta 3,5 euroan lepoko zapiak. Auzotar ugarik apaindu dituzte balkoiak banderatxoekin. 

Honatx jaietako egitarau osoa:

11 BARIKUA

  • 19:00 Jaien hasiera, Urazandiko parkean.
  • Segidan, txapel, igel-toka, chaves eta ping-pong txapelketak. Herri Eskolan.
  • 19:30 Pintxo poteoa eta disko festa DJ Tillarekin.
  • 22:00 Disko festa eta apar festa.

12 ZAPATUA

  • 11:30-14:00 Binakako puzzle lehiaketa.
  • 13:00 Kalejira, Mauxitxa txarangarekin.
  • 14:30 Herri bazkaria, Mauxitxak girotuta.
  • 16:30 Dantzaldia eta mariatxiak, Herri Eskolan.
  • 18:00 Irati eskulan tailerra.
  • 18:00 Buruhandiak, Urazandi parkean eta Herri Eskolan.
  • 19:00 Arratsalde-pasa, 80ko eta 90eko musikarekin.
  • 22:00 Kontzertuak: Azkaiter Pelox eta Kitziki.
  • 00:00 DJ Tilla.

13 DOMEKA

  • 11:00-15:00 Haur parkea eta apar festa.
  • 18:00 Suziriak, jaiei amaiera emateko.