Uztailaren 11tik 13ra ospatuko dituzte Urazandiko jaiak

Barren 2025ko eka. 20a, 13:31

Hiru eguneko jaiak izango dituzte aurten Urazandin, uztailaren 11tik 13ra. Karkizano dendako Ainhoa Uriguenek emango die hasiera jaiei aurten. 

Jaiak antolatzen hasi zirenetik emandako laguntza eskertu nahi izan diote modu horretan jai batzordekoek Ainhoa Urigueni.

Aurten, eta berrikuntza gisa, leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak ere sortu dituzte jai-batzordekoek lepoko zapiez gain, eta salgai daude dagoeneko PSE-EEren lokalean eta Celia tabernan: 3 euroan banderak eta 3,5 euroan lepoko zapiak. Jaiei hasiera emateko trakaren ondorenerako txapel jaurtiketa eta toka jokoa antolatu dituzte eta jai-gunean hartzen den trago bakoitzeko pintxo bana ere banatuko dute. Horrez gain, diskofesta eta ping pong txapelketa ere izango direla aurreratu dute. 

Puzzle txapelketa

Zapatuko egitaraua iazko jai egun handiaren moldera antolatu dute, baina izango dira berrikuntzak. Goizean, esaterako, puzzle txapelketa egingo dutela aurreratu dute. Ondoren, Mauxitxa txarangakoak ibiliko dira kalez kale 14:30ak arte, eta herri-bazkaria egingo dute gero. 18:00etarako, eskulan tailerra antolatu dute haur eta gaztetxoentzat, eta buruhandiak ere irtengo dira kalera. 19:00etatik 22:00ak aldera arte, 80ko hamarkadako musika jarriko du DJ batek eta Kitziki eta Brilet taldeen kontzertuak lotu dituzte gerorako. Goizalderako apar festa eta DJ saioa dute iragarrita.
Domekan, haurrentzako parkea zabalduko dute, puzgarri eta abarrekin, eta apar festa eta jaietako errifaren zozketa ere egingo dituzte.

Ikus hemen iazko Urazandiko jaiak