Bigarren Mailako taldeen eskaintzak izan arren, maila bat beherago dagoen Murtzia taldearen eskaintza onartzea erabaki duela azaldu zuen Etxeberriak Murtziako taldeak entrenatzaile berria aurkezteko eginiko ekitaldian.
"Hemen nago proiektuan sinesten dudalako. Ekonomikoki eta instituzionalki kudeaketa ezin hobea egiten ari den klub bat da Murtzia, bere mailako onenetarikoa, zalantzarik gabe. Ni hona etortzeko arrazoi nagusietako bat Asier Goiria kirol zuzendaria eta bere lantaldea egiten ari diren lan ona izan da. Goitik behera ezagutzen dute maila hau, eta neu ere ondo baino hobeto ezagutzen naute, badakite zer bilatzen dudan, eta ilusio handia dut. Erabaki honek ez ditu harritu ni ondo ezagutzen nautenak. Ulertu dute Bigarren Mailako taldeen eskaintzak baztertu izana, anbizio handiko klub batean egotea aukeratzeagatik".
Murtzian hasiko duen ibilbidean argi du bere helburua, eta ez du erreparorik izan mailaz igotzea dela esateko. "Badakigu zaila dela, kategoria oso lehiakorra delako, baina horretarako etorri naiz. Badakigu asko eskatuko digutela, eta onenak izan behar dugu, arlo guztietan.Argi dut nondik natorren, eta ezagutzen dut talde honek duen jarraitzaile kopurua. Partida askotan ikusi ahal izan zen, Nasticen aurkako kanporaketan esaterako, eta kluba merezi duen lekuraino eramatera etorri naiz", adierazi zuen Etxeberriak.
Helburuak gauzatzeko bideaz gozatzea ezinbestekoa dela gaineratu zuen aurkezpenean. "Mailaz igo nahi badugu, egunero izan behar dugu onenak, eta eskakizun hori futbolari guztiek eduki behar dute argi, baina lehenik eta behin talde sendo bat eraiki behar dugu. Espero dut denon artean oso talde lehiakorra egitea, eta gustatuko litzaidake jokalari guztiek erasora jotzeko joera eta mentalitatea izatea, gol aukerak sortzeko biderik onena dela uste baitut. Nik aurrerantz jokatzea dut buruan, defendatzeko ere modurik onena dela uste dudalako, horrek dakartzan arriskuekin, baina horixe da futbola ulertzeko dudan modua eta lanerako dudan metodoa".
Athleticen futbolari ibilbidea amaitu ostean, 2010ean, Etxeberriak talde zuri gorrian hasi zuen entrenatzaile ibilbidea, 2012-13 denboraldian. Harrezgero talde hauek entrenatu ditu: Bilbao Athletic (19/20 eta 20/21), Tenerife, Amorebieta, Basconia eta S.D. Eibar. 2023ko irailetik 2025eko otsailera izan zen Eibar taldeko entrenatzailea. Gainera, Ernesto Valverderen laguntzailea izan zen Athleticen 15/16 denboraldian, eta Athleticen harrobiko hainbat talde zuzendutakoa ere bada.