Azken 15 urteetan Eibarrek kargutik kendu duen estreinako entrenatzailea da Etxeberria. Garaipenik gabeko bi hilabeteko emaitzen bolada txarraren ondotik etorri da erabakia. Aurreko denboraldian ailegatu zen Etxeberria Eibarrera eta bi aldeek adostu eta sinatu zuten martxoan entrenatzailearen kontratua 2025eko ekainaren 30era arte luzatzea, baina kontratua etetea erabaki du Eibarrek.
Etxeberria 75 partida ofizialetan izan da Eibar taldeko entrenatzailea. Karguan eman zuen aurreneko denboraldian, Lehen Mailara igotzeko fasea jokatzeko sailkatu ziren, lehen kanporaketan kanporatu bazituzten ere, Oviedok, hain zuzen ere.
Denboraldi honetan, berriz, Ligako 27 jardunaldi jokatu eta gero, sailkapeneko 17. postuan dago Eibar, 33 punturekin: 9 garaipen, 6 berdinketa eta 12 porrot izan ditu Ligan. Armaginek bost puntura dute jaitsierako lehenengo postuan dagoen taldea.
Erabakia "pena handiz" jaso duela adierazi du Etxeberriak sare sozialen bidez, honela: "Agur esateko ordua iritsi da. Pena handia ematen didan erabakia da, baina onartu beharra dago. Aurten ez dira gauzak ondo irten. Eskerrak eman nahi dizkiet armagin guztiei, eman didaten babes guztiagatik eta eurekin izan dudan harremanagatik. Zorterik onena opa dizuet etorkizunerako".