Bulego taldeko Tomas Lizarazu gertutik ezagutzeko aukera izan dute ikasle elgoibartarrek

Barren 2025ko eka. 16a, 20:32

Tomas Lizarazu abeslari azkoitiarra zuzenean entzun eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten barikuan Elgoibarko hainbat ikaslek.

Kutxa Fundazioak sustatzen duen Hitzetatik Ekintzetara egitasmoan baitan, bi ekitaldi egin zituzten aurreko astean Elgoibarren. Lehena martitzenean. Gymkana Interkulturalean parte hartu zuten Elgoibar Ikastolako hainbat ikaslek, eta hainbat kulturatako elementuak erabili zituzten, hala nola, euskal irrintzia, Kulning suediarra, Suitzar yodela, Këngë Maje Krahi albaniarra edota Zaghareet arabiarra.
Barikuan, berriz, DBH4ko ikasleek KRAK lehiaketara aurkeztutako film laburren emanaldia izan zuten Aita Agirre Kulturgunean. Ikasleek kultur-aniztasunarekiko duten ikuspegia islatu behar zuten KRAK lehiaketan. Horren ostean, Bulego taldeko abeslari Tomas Lizarazuk kontzertu txiki bat eman zien ikasleei eta berari, taldeari, hizkuntz aniztasunari eta euskarari buruzko hainbat xehetasun ere azaldu zituen. 

 

2030 Agenda ezagutaraztea

Kutxa Fundazioak 2023an sortu zuen Hitzetatik Ekintzeta ekimena, helburu argi batekin: herritarrak 2030 Agendara hurbiltzea eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) parte hartzea. Nazio Batuen Erakundeak 2015ean adostu zituen milurtekoaren Garapen Jasangarrirako hamazazpi helburuak, baina horiek ez zioten hizkuntzari eta kulturari erreferentzia zuzenik egiten. Horregatik, 2017az geroztik, hemezortzigarren helburua txertatzeko prozesua abian jarri dute EAEko eragileek, eta Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren bidez ere indarra eman nahi izan zaio helburu horri. 

Urtez urte, 2030 Agendako helburu bati heldu diote Hitzetatik Ekintzetara ekimeneko sustatzailerek: 2023an bigarren helburua landu zuten, goserik eza; 2024an, aldiz, hamaikagarren helburuan jarri zuten fokua, Hiri eta komunitate jasangarriak; eta aurten, 17+1 helburua da oinarri, hau da, kultura eta hizkuntza aniztasuna. GJH honen helburua, hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta errekonozimendua bermatzea da, garapen pertsonal eta sozialerako ezinbesteko faktore gisa. "Gipuzkoarrok, badakigu elkarrekin erantzuten. Komunitatean elkartu izan gara tradizioz, gure nortasunaren eta izaeraren isla da. Berreskuratu dezagun elkarrekin erantzuteko dugun gaitasun hori, pasa gaitezen Hitzetatik Ekintzetara", azaldu dute Kutxa Fundazioko arduradunek. 
Horretarako, lurraldeko hirugarren sektore ekosozialeko eragileekin elkarlanean, hemeretzi jarduera biltzen dituen Klik agenda prestatu dute. Programa maiatzaren 19etik ekainaren 20ra gauzatuko da Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta izen ematea zabalik dago Hitzetatik Ekintzetara webgunearen bidez.