Bidea eta estereotipoak urratzen: Marc eta Oier Gabilondo

Barren 2025ko uzt. 4a, 17:38

Gimnastika erritmikoa egiten dute Marc eta Oier Gabilondo anaia elgoibartarrek. 15 eta 13 urte dituzte eta Eibarko Ipurua taldean dihardute, Natasha Urmakaeva entrenatzailearekin. 

Berriki, Euskadiko Txapelketa irabazi du taldeka Marcek, bietatik zaharrenak. Ikaragarri gustuko dute aukeratu duten kirol disziplina, eta etxekoen babes handia dute, baina kanpoan askotan hotz sentitu dute eta estereotipoen kontra egin behar hori ariketa zailena baino nekagarriagoa egin zaie sarri. Ez daude, baina, atzera egiteko.

Oraindik ere eskuekin konta daitezke Euskal Herrian gimnastika erritmikoan dabiltzan gizonezkoak. Maila gorenean, hiru bakarrik ari dira: Eneko Lanbea (Leioa, 2004), Felipe Suso (Iruñea, 2004) eta Ander Olkoz (Tafalla, 2003). Baina erreferenteak urri izan arren, badatoz atzetik gazteagoak estereotipoak hankaz gora jartzera. Elgoibarren ere badira bi, etxe batekoak biak: Marc eta Oier Gabilondo anaiak. Eibarko Ipurua taldean dabiltza, eta joan zen maiatzaren 31n, Marcek, bietan zaharrenak, amateur mailako Euskadiko Gimnastika Erritmikoko taldekako Txapelketa irabazi zuen Durangon, Arrate Aizpuru eibartarrarekin eta Lur Bilbao eta Ainhize Iturraran berritxuarrekin batera.

Horrez gain, zazpigarren egin zuen banakako uztai modalitatean. 15 urte ditu Marcek eta kadeteetan lehiatzen da, eta bi urte gazteagoa da Oier, infantila kategoriaz. Aitortu dute aurreiritzi askori egin behar izan dietela aurre eta oraindik ere nahi baino gehiagotan sentitzen dutela itsaso baten kontra egin beharra, baina gozatu egiten dute tapizaren gainean eta, etxekoen babesarekin, bidea urratzen segitu nahi dute. Amets bat dute, Marcen hitzetan jaso duguna: "Gizonezkoen gimnasia erritmikoa noizbait Olinpiar Jokoetan ikustea, kirol bakarra baita gizonezkoen kategoriarik ez daukana".

Marc Gabilondo, Maria Antonia Herrero, Oier Gabilondo eta Jesus Gabilondo.

Aita Agirre kulturguneko areto nagusian zabaldu dute tapiza, eta hantxe elkartu ditugu bi gimnastak eta gurasoak. Uztaiak, mazak eta beste erremintak tapiz ertzean laga eta eseri gara korroan, solaserako. Marcek berak hartu du hitza. Aipatu du, LH1en, musika eta dantza eskolan eman zuela izena, baina urtebete egin eta laga zituela euskal dantzak, balleta probatzeko. Dantzatzea gustatzen zitzaion, baina balletak ere ez zuen ase, ezta dantza modernoak ere. Eta amaren jaioterrian, Mallorcan, topatu zuen gustukoa zuena. "Gurasoen lagun baten alaben erakustaldia ikustera joan ginen. Gimnastika erritmikoa egiten zuten eta, ikusi nuenean, gustatu egin zitzaidan. Probatu nahi nuela esan nien gurasoei, eta eskertu behar diet aukera eman izana, egongo direlako gimnastika erritmikoa egin nahi duten mutilak baina ezin dutenak, etxean uzten ez dietelako. Neri ez zitzaidan futbola gustatzen eta burla egiten zidaten adinkideek dantza gustatzen zitzaidalako. Hasieran, ez nuen batere ondo pasatu, baina gurasoek beti babestu naute". Anaiaren aldean errazagoa izan du Oierrek eta horrenbeste trabarik gabe egin ahal izan du bidea, beharbada, etxean izan duelako erreferentea.

Marc Gabilondo: "Neri ez zitzaidan futbola gustatzen eta burla egiten zidaten adinkideek dantza gustatzen zitzaidalako. Hasieran, ez nuen batere ondo pasatu, baina gurasoek beti babestu naute".

EIBARKO IPURUA TALDEAREN BULTZADA

Bila hasi eta Eibarren topatu zuten semearentzako nahi zutena gurasoek, Ipurua taldean. 2018an eman zuten izena Gabilondo anaiek Eibarko taldean eta hasieratik gustatu zitzaien balleta, gimnasia eta dantza uztartzen dituen disziplina, baina pandemia etorri zen gero, lotu gintuzten etxera eta zaildu zitzaien dena. "Zoom bidez hartzen zituzten eskolak, baina etxean lekurik ez daukagunez erremintekin lanean hasteko, luzaketa ariketak egitera mugatzen ziren. Eta horrek ez zituen betetzen", aipatu du Jesus Gabilondo aitak. Hasiera errazik ez zuten izan beraz. Batetik, gimnastika erritmikorako "beranduegi" hasi zirela uste du Marcek, "normalean 2-3 urterekin hasten delako jendea", eta bestetik, pandemiak eten bat eragin zuen beren prestaketan, baina ez ilusioa zapuzterainokoa.

Orain, astean hiru egunez entrenatzen dira (7,5 bat ordu) Ipurua kiroldegian Natasha Urmakaevaren agindutara. "Disziplina handia daukagu. Malgutasuna, adibidez, emakumeekin lotzen da beti, eta egia da malgutasun handiagoa izan dezaketela neskek, baina egunero entrenatuz gero, gure gorputzak ere ematen du. Burua behar da gogorra, eta gorputza, malgua. Guk ez dugu espagat egiten, baina Eneko Lanbeak bai. Berandu hasi ginen gu, baina saiatuta lortuko dugu", esan du Marcek. Anaiaren dohai edo ezaugarriez galdetuta, "disziplinatua izatea" erantzun du Oierrek: "Pilotarekin aritu da urtebetean eta horixe ematen zaio ondoen, gustuku ere baduelako. Ni, aldiz, hobeto moldatzen naiz uztaiarekin. Datorren urtean bakarka lehiatuko naiz". Eta emaitza onak lortzeko gai izango dela aurreikusten duela esan du Marcek. Ondo hartzen dute bi anaiek elkar, eta elkarrekin prestatu dute gaur Barreni erakusteko ariketa ere. Aiton-amonen urrezko ezteietan aritu ziren estreinakoz elkarrekin, ariketa honetan.

 

ERREFERENTEAK

Gimnastika erritmikora lotu zituena emakume bat izan zen: Almudena Cid gimnasta ohia (Gasteiz, 1980). Gustukoena zein duten galdetuta ere, emakume baten izena eman dute: Polina Berezina (Mosku, Errusia, 1997). Baina ispiluan Lanbea ikusten dute ezinbestean, bera baita hemen gertuan gizonezko bakarretakoa gorengo mailan. Egon zen sasoi bat astean bi-hiru aldiz ikusten zutena Lanbea Ipuruan, talde misto batean entrenatzen, eta aitortu dute sekulakoa izan zela haientzat erreferente zutena hain gertu sentitzea. Gaur, 4-5 urteko beste mutil batzuk badituzte Ipurua taldean, baina sartu zirenean eurek ziren bakarrak, eta orain ere, lehiaketetan sarri dira mutil bakarrak. Ez die horrek lorik kentzen gure gimnasta gazteei. "Ez dut esango motibatzen nauenik, nik ere nahi nituzkeelako mutil gehiago gimnastika erritmikoan, baina pentsatzen dut beharbada izan naitekeela norbaitentzako eredu eta horrek pozten nau", esan du Marcek.
Gurasoek, aldiz, aitortu dute sarri topatu dutela beren burua lehiakideen artean beste mutilik baden begira. "Nahi gabe egiten dugun zerbait da. Begira, Herriko Antzokian erakustaldia egin zutenean, saioa bukatu eta bi emakume gerturatu zitzaizkigun animoak ematera, eta azkena, Markinan izan ginenean, ondoan genuen 6 bat urteko neskato bati zera entzun genion gimnastak irten zirenean: 'Hara, mutil bat!'. Dena da normala, ez gaudelako ohituta, baina adierazgarria da 6 urteko neskato batek ikusten duen lehenengo gauza hori izatea", esan du gimnasten aitak. Eta gehitu du Maria Antonia Herrero emazteak ondotik: "Gu oso harro gaude gure semeez, jakina, baina inork ez du nahi izaten bere seme-alaba izatea talde bateko 'arraroa' eta gertatu izan zaigu 200 gimnastaren artean gurea izatea mutil bakarra. Saiatu nahi zutela esan zigutenean ere esan genien, gu laguntzeko gertu izango gintuztela beti, baina jakin behar zutela etxetik kanpora hesi gehiago topatuko zituztela eta ez zitzaiela beti erraza egingo".

Oier Gabilondo: "Ikusten ez bada, ematen du ez dela existitzen, eta horregatik egin behar da zerbait txapelketak antolatzeko gutxiagorekin bada ere, bestela erakusten ez baldin bada, Espainiatik kanpora uste izango dute gizonek ezin dutela gimastika erritmikorik egin"

Ikusten dute gauzak aldatzeko ahalegin bat, baina, batez ere Federazioan. Bai Marc eta baita Oier ere talde mistoan aritzen dira, apenas dagoelako beren adineko gimnasta mutilik. "Begira aritu nintzen Euskal Herriko txapelketan parte hartu zutenen artean eta bi ziren, eta erreparatu nion gero araudiari eta zehazten zuen hiru egonez gero, mutilen taldea osatuko luketela. Langa oso behean jarrita dute eta horrek erakusten du gimnastika erritmikoan badagoela gogoa gauzak iraultzeko", zehaztu du Jesusek. Egoera askoz da okerragoa nazioartean. Aipatu dute Espainiako Txapelketan gimnasta gizonezko mordoska bat aritu izan direla, baina kanporago oso gutxi daudela eta horregatik ez dituztela txapelketak antolatzen. Gimnastika erritmikoan Errusia, Bielorrusia, Bulgaria, Ukraina... herrialdeak nabarmendu izan dira betidanik, baina horietan pentsamendu nagusia da gimnastika erritmikoa emakumezkoen kirola dela. Oierrek ez dauka zalantzarik. "Ikusten ez bada, ematen du ez dela existitzen, eta horregatik egin behar da zerbait txapelketak antolatzeko gutxiagorekin bada ere, bestela erakusten ez baldin bada, Espainiatik kanpora uste izango dute gizonek ezin dutela gimastika erritmikorik egin". Kirolari ikusgarritasuna eman eta probatu nahi duenari bidea erraztea. Horra aurrera egiteko ziurtatu behar diren bi kontu. "Ikaragarria litzateke noizbait Espainiako Txapelketan lehiatu ahal izatea eta gizonezkoren bat Olinpiar Jokoetan lehiatzen ikustea, baina momentuan oso zaila ikusten dut, oso herrialde gutxitan baitago hedatuta gimnastika erritmikoa gizonezkoen artean. Parisko Olinpiar Jokoetan ez da egon aukerarik, beraz ia Estatu Batuetakoetan", amets egin du Marcek.