Juniorren txirrindulari lasterketa jokatuko dute zapatuan Elgoibarren

Barren 2025eko uztailaren 2a

Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolak antolatuta, Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketa jokatuko dute zapatuan. Hiru txirrindulari elgoibartar lehiatuko dira.

Txirrindulariak Pedro Miguel Urruzuno kaletik irtengo dira irteera neutralizatuan, 15:10ean, eta 98 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Birritan egingo dute Oñatira arteko joan-etorria eta Idotorbe gainean egongo da helmuga. 17:45etatik 17:52 birtarterako espero dituzte aurrenekoak (ikus ibilbidea). Hiru txirrindulari elgoibartar lehiatuko dira proban: Einer Agirregomezkorta, Unai Cornejo eta Aimar Gonzalez.

Iazkoan Aimar Quintana (Invitec-Iturribero) izan zen tropeleko azkarrena.

Zapaturako boluntario eske ari dira Elgoibarko Lagun Taldekoak. Bidegurutzeak zaintzeko  behar dute jendea, eta horretarako prest daudenei klubeko arduradunekin harremanetan jartzeko eskatu diete, elt_txe@hotmail.com helbidera idatzita.