Ez ditu garai onenak bizi oinarrizko txirrindularitzak oraintxe, eta nabari zen giroan gaur. Denboraldiko azkeneko lasterketa jokatu dute gaur txirrindulari gazteek, Elgoibarren, bihartik aurrera zer izango den jakin gabe, bihar utziko dutelako kargua Gipuzkoako Federazioko kideek. Hala ere, lasterketa ederra osatu dute txirrindulariek. 92 txirrindulari abiatu dira 10:00etan Elgoibartik eta 66k lortu dute lasterketa amaitzea. Guztira, 82 kilometroko ibilbidea osatu dute bukatu dutenek. Elgoibarren hasi eta Bergararaino joan dira lehenengo bueltan, eta bigarrenean, Oñatiko Zubillaga auzoraino. Lasterketa Idotorbeko gainean bukatu dute eta Aimar Quintana Invitec-Iturribero taldeko txirrindularia izan da tropeleko azkarrena. Bakarrik helmugaratu da, 2:01:15eko denbora eginda. Aimar Fernandez de Gorostiza (Ipar Maquina-Dimaq) helmugaratu da bigarren, irabazlearengandik 33 segundura, eta Markel Gonzalez Somarribak (Gastronomiabasca-Liftra-Rosmil) osatu du gaur podiuma. Taldeka, Ampokoak izan dira nagusi.