Triatloi berezi honetan antxitxika, bizikletan eta 25 kiloko zakua lepoan dutela lehiatu beharko dira partaideak. Aurrez izena eman ez dutenek 17:00etatik 18:30era eman dezakete izena Kalegoen plazan bertan. Lasterketa 19:00etan hasiko da Kalegoen plazatik.
Iazkoan 39 lagunek hartu zuten parte, eta Jon Beristain eta Ainhoa Lendinez izan ziren irabazleak. Gazteak indarrean datoz eta belaunaldi aldaketa eta odol berritzea ematen ari da Nahaste Borraste kirol proban ere, iaz aurrean ibili ziren kirolarien adinari erreparatuta.
Tamalez, aldaketarik gabe jarraitzen duena emakumeen parte hartze kopurua da. Urtero moduan, dei berezia egin diete antolatzaileek emakumeei, parte hartzera animatuz. Azkeneko urteetan Ainhoa Lendinez izan da emakume bakarra, baina aurten ez duela parte hartuko jakinarazi dute Kimetzetik.