Urazandiko jai batzordeak ipiniko du txosna ekaineko azken zapatuko ferian

Barren 2025ko eka. 26a, 10:38

Gutxi falta da Urazandiko jaiak hasteko, baina Urajai Elkartekoek zapatu honetan ere egin beharko dute lana. 

Ekaineko azken zapatuko feria egingo dute ekainaren 28an, Udalak eta Debemenek antolatuta. Goizean goizetik Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera izango da Kalebarren plazan, eta Artaldeko hainbat artisauk ere salmenta postua jarriko dute. 

11:00etatik aurrera txosna zabalik egongo da, eta oraingoan Urazandiko jai batzordekoek kudeatuko dute. Herriko harategietako produktuekin prestatuko pintxoak salduko dituzte, eta auzoko jaiak antolatzeko erabiliko dute batzen duten dirua. 

Eguerdian umeentzako tailerrak egingo ditu Atxutxiamaikak, eta ganadu erakusketa ere egongo da arratsaldera arte.