Elgoibarko txistularien Dianarekin hasi dute eguna eta kaleak hutsik zeharkatu dituzten arren, kanpaiak mezetarako deia joten hasi direnean hasi dira herritarrak eliz ingurura gerturatzen. Gipuzkoako gotzain Fernando Prado Ayusok (Bilbo, 1969) eman du meza, diakonoaren laguntzaz. Pradok Munilla ordezkatu zuen 2022an.
Eliz ospakizuna Ama Birjinaren eta San Joanen irudiak prozesioan ateraz hasi dute. Irudiekin elizara bueltatu direnean, Mutrikuko eta Mendaroko abesbatzetako hainbat lagunek parte hartu dute mezan, kantuan. Meza ostean, jai batzordekoek prestatutako mokaduaz egin dute hamaiketakoa bildutakoek, eliza atarian bertan.
Elgoibarko Jubilatuen Biltokikoek 18:00etarako prestatu duten sardina janarekin bukatuko dituzte aurtengoz, joan den barikuan hasi zituzten Altzolako jaiak.