Barikuan hasi eta martitzenera arte jai-giroa izango dute Altzolan. Iluntzeko zortziretan hasiko dituzte ekainaren 20an San Joan ospakizunak, parrilla-janarekin, eta 21:00etarako, 80ko eta 90eko hamarkadaetako pop-rock kantuen bertsioak egiten dituen Versionarios taldearen kontzertua iragarri dute.
Zapaturako, haurrentzako jolasak, parrilla-jana eta karaokea antolatu dituzte. 16:30etik 20:30era egingo dituzte jolasak, eta 22:00etan hasiko dute karaokea.
Domekan, berriz, Pello Arrieta historialari elgoibartarrak Altzolarrak eta San Joan Batailatzailea eliza: Ondare historikoa izenburuko bisita gidatua emango du, eta ondorenerako herri-bazkaria antolatu dute. 14:00etan izango da bazkaria, frontoian, baina aurrez izena eman beharra dago ondorengo telefono zenbakira deituta: 635 753 447 (Rosa), Entsalada mixta, haragi parrillada eta San Markos tarta izango dira menua, edaria, ogia, kafea eta txupitoa barne eta 25 euro ordaindu beharko dituzte helduek (20, bazkideek) eta 10 euro 8 urtez azpikoek. Iluntzean, berriz, Rockyou taldeak kontzertua emango du.
San Joan arbola eta sua
Jaiak hasita egon arren, San Joan bezpera egunez, ekainaren 23an, botako dute txupinazoa eta dantzaraziko dituzte elizako kanpaiak, 14:00etan, eta 19:00etan zutituko dute San Joan arbola, plazan. 20:00etan parrilla-jana egingo dute gero, eta ilundutakoan, 22:00ak aldera, piztuko dute San Joan sua.
Prozesioa eta sardina jana San Joan Egunean
San Joan eguna txistularien dianak hasiko du, eta ondoren, 11:00etan, meza ospatuko dute eta prozesioan aterako dute santua. Eukaristian Mendaroko eta Mutrikuko abesbatzek parte hartuko dute.
Meza ondorenean herri-dantzak dantzatuko dituzte frontoian eta mokadua egingo dute gero, eta 18:00retarako sardina-jana antolatu dute Elgoibarko jubilatuek. Jaiei 20:00ak aldera emango diete azkena.