Felix Mansok irabazi du Udaberri Xake Txapelketa

Barren 2025ko eka. 23a, 17:51

Nagusitasun osoz irabazi du Felix Mansok Zubi Ondo Xake Taldeak antolatzen duen Udaberri Txapelketa.

Azken errondako partida esanguratsuenak jokatu zituzten atzo Mintxeta tabernan, baina lehen postua ziurtatuta zuen Felix Mansok, 1,5 puntuko aldea ateratzen baitzion sailkapenean atzetik zuen hirukoreari. Horietako baten aurka jokatu zuen Mansok azken jardunaldian, Jabi Muñoz mendaroarraren aurka; eta, garaipena lortu zuen. Hala, 7 punturekin irabazi du txapelketa.

Markel Kerexeta izan da txapeldunorde, 5,5 punturekin. Kerexetak Iñigo Solabarrietari irabazi zion azken jardunaldiko partidan. Eneko Alberdirentzat izan da hirugarren postua, 5,5 punturekin. Alberdik Iker Ruizi irabazi zion azken jardunaldian. Juan Jose Gomez sailkatu da laugarren postuan eta Jabi Muñoz, iazko irabazlea, bosgarren postuan. Federatu gabekoen artean Jose Ramon Oiartzabal izan da onena. Sailkapen nagusiko 10. postuan sailkatu da, 4 punturekin.

25 xakelari aritu dira lehian Mintxetako tabernan jokatzen duten txapelketan. 

Argazkiak: Zubi Ondo xake taldea.