Giro bikainean joan dira Urazandiko jaiak

Barren.eus 2023ko uzt. 10a, 12:48

 40 urteko etenaren ostean iaz berreskuratu zituzten Urazandiko jaiak, eta aurten, iazko akatsetatik ikasita, egitarau bete-betea prestatu dute jaietarako. Adin tarte guztientzako ekintzak sartu dituzte asteburuan, eta bakoitzak bere momentua aurkitu du jaiez gozatzeko. Urasandi okindegikoek eman zieten hasiera jaiei bariku atsaldean, eta eztanda egin zuen festak. Iluntzean kontzertuak izan ziren Herri Eskolan, eta ondoren, DJ-ak jarri zuen musika. Zapatuan goizean goizetik hasi ziren ekintzak. Jose Julian Marquez Hezur Museoko arduradunak historiaurrera eraman zituen auzotarrak, eta lehen gizakiaren erara egin zuten sua. Auto klasikoen erakusketa ere egin zuten, eta eguerdirako paella erraldoia prestatu zuten. 300 bat lagun bildu ziren herri bazkarian. Mauxitxak girotu zuen bazkalaurreko tartea, eta bazkarian ere hartu zuten parte Mauxitxako musikariek. Arratsaldean flamenko doinuek hartu zuten Herri Eskola El Bille musikariaren eskutik, eta txikienek buruhandiekin gozatu zuten. Zapatu gauean DJ saioa eta goizeko ordu txikietan apar festa izan ziren. Antolakuntzatik zapatu gaueko jendetza nabarmendu dute. Oro har asteburu osoan zehar ibili da jendea auzoan, baina zapatu gaua "zoratzekoa" izan zela adierazi dute.
Domeka goiza umeentzat prestatu zuten. Puzgarri eta bestelako hainbat jolasekin bete zuten Herri Eskola eta gogotik gozatu zuten etxeko txikienek. Atracciones Sanz etxekoek ekarri zituzten puzgarriak, eta aurten gainera, mila euro inguruko balioa zuen otarra bat ere ekarri zuten, umeen artean zozkatzeko. Han bildutako ume guztiei eman zieten zozketarako zenbaki bat, eta Ane Oncala izan zen irabazlea. Urazandiko jai batzordekoek saldutako errifaren zozketa ere egin zuten, eta 1.196 eta 1.904 izan dira boleto irabazleak. Zozketen ondoren, umeentzako prestatutako apar festarekin amaitu ziren ekitaldiak.


Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute. Jende asko ibili dela esan dute, eta eskerrak eman dizkiete jaietan parte hartu duten herritarrei. Era berean, zozketak eta opariak emateko lagundu duten babesle guztiak eskertu nahi dituzte, eta baita Atracciones Sanz enpresako kideak ere bai, horrelako haur parkea ekartzeagatik. Enpresako jabeak berak ere eskerrak eman zizkion Urazandiko Jai Batzordeari berarengan jarritako konfiantzagatik, eta bigarren urtez gonbidatu izanagatik. Jai Batzordeak esan du festa "borobila" irten dela, eta pozik amaitu dute. "Nekatuta, baina hurrengo urtean aurrera egiteko ilusioz" geratu dira.