Ermuko Guencallen jaio zen German Uriguen Ormaetxea 1898ko urriaren 11n. Eibartar armagina zuen aita, Damaso Uriguen, eta ermuarra ama, Saturnina Ormaetxea. Aittittarengandik zetorkion familiari Etxegina gaitzizena, etxegintzan aritzen zelako, eta hala ezagutzen dira gaur egun ere uriguentarrak. Bizitzak Elgoibarrera eraman zuen gero. 1923an hasi zen lanean Elgoibarko Gabilondo lantegian eta, gero, Sigman. 1925ean ezkondu zen Valeriana Soduperekin eta hiru seme-alaba izan zituzten: Lourdes, Garbiñe eta Ramon. Kanturako eta bertsotarako zaletasuna gazte- gaztetatik zekarren Germanek. Ermuan eta Eibarren 1915erako hasia zen Santa Agedako koroak sortzen eta 17 urteko mutikoa zela abestu zituen estreinako aldiz berak sortutako Salbearen zortzi ahapaldi. 19 urterekin egin zuen bere lehen agerraldia bertsolari gisa Ermuko Sallabenteko jaietan. Bat-bateko bertsolaritzan ere aritu zen 1931tik 1933ra, eta plazetan abesteaz gain, txapelketetan ere hartu zuen parte: esaterako, 1960an Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketan Durangaldeko bigarrena geratu zen, laugarrena 1962an eta bosgarren 1964an. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, bestalde, hirugarren egin zuen 1960an. 1981etik aurrera bere omenezko Etxegina Bertso-paper Lehiaketa antolatu zuen Elgoibarko Izarrak, gerora idazlan lehiaketa bihurtu zena.
Erronka modura hasi zenak 100 urte
Plazagizona zen, kantuzalea eta kultura zuen gustuko. Umetatik zeukan kanturako eta bertsotarako zaletasuna, eta 1925ean santa eskeko korua sortu zuen Elgoibarren. Erronka modura hasi zen guztia urtebete lehenago, Barrutia jatetxean. Hango ugazabak tentatu zuen kopla kantuan hasteko, eta birritan pentsatu gabe hasi zen kantuan German. Urte hartako kantu-jiraren ordaina ardotan jaso zuten Uriguen eta haren lagunek. Hurrengo urterako sortu zuen kantuan eta eskean irteteko taldea, eta familiaren ezizenez bataiatu zuten taldea: Etxegina. Batutako diruarekin merienda eta parrandak egiten zituzten hasierako urteetan, baina orain, Caritasi ematen diote dirua.
1980. urtera arte bera izan zen taldeko koplaria. Osasun arazoengatik laga zion koplak kantatzeari, eta 1981ean, Kepa Urainek hartu zion erreleboa. Hasiera batean Uriguen sendatu artekoa zuen egitekoa, baina 2018ra arte jarraitu zuen Urainek kantuan. Gaur egun, Ignacio Mugertza eta Iñigo Legorburuk betetzen dute funtzio hori. Omenaldi ugari jaso zituen Uriguenek bere ibilbideagatik, eta azken aitortza 2000. urtean egin zion Elgoibarko Udalak Santa Eskeko Etxegiña taldearen omenez eliza ondoan jarritako harrizko eskulturarekin, besteak beste. Kuriositate bezala Parisen bada rock talde bat Etxegina izenekoa, Germanen lehengusu baten ondorengo batek sortua eta izen hori darama. 1986an hil zen German, eta haren seme Ramonek hartu zion erreleboa santa eskeko taldearen arduran. 1998ra arte eutsi zion Ramonek aitak hasitako bideari, eta haren heriotzaren ostean, 1998an, Jon Peli Uriguenek hartu zuen taldearen ardura.
Biharkoa, berezia
100. urteurreneko santa eskea egingo du bihar (otsailak 1) Etxegina taldeak. Ohi bezala 09:00etan batuko dira bolatokian, eta bi taldetan banatuta koplatuko dituzte herriko kale eta auzoak. Urazandiko La Union elkartean egingo dute hamaiketakoa, eta handik jaitsiko dira berriro herrigunera.
Biharkoa berezia izango da. Ohi baino kalejira laburragoa egingo dute, 13:30ean ekitaldi instituzionala izango dutelako udaletxean. Kopla batzuk kantatuko dituzte pleno aretoan, eta omenaldi eta aitortzak egiteko baliatuko dute ekitaldia. Horren ostean, Errosario kalera joango dira denak batera, ama birjinari salbea kantatzera. Salbea bera German Uriguen Etxeginak sortutako doinua da. Ezaguna da eskualde osoan, baina bereziki Elgoibarren dauka indarra, hileta-elizkizun guztietan kantatzen delako. 1915. urtean sortu zuen kanta liturgiko hau Etxeginak, artean Ermuan bizi zela. Hileta-elizkizunetan Errosarioa errezatzen zuten eta gero salbea kantatzeko ohitura zegoen. Etxeginari eskatu zioten doinu berria sortzeko eta halaxe egin zuen. Tradizio bilakatu da santa eskeko Etxegina taldean eta han bukatzen dute beti kalejira. Segidan, Baltasar elkartera joango dira bazkaltzera.
Erakusketa eta liburua
Mendeurrena ospatzeko eginkizunen barruan erakusketa inauguratuko dute gaur. Argazki erakusketa izango da hein batean, baina bideoren bat ere jarri dute ikusgai. Horrez gain, Etxegina taldean historikoak izan diren hainbat elementu ere erakutsiko dituzte, besteak beste, German Uriguen berak erabiltzen zuen makila, alkondararen bat, zapiak, Katalotzaren soinua... Otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai: Astean zehar 18:30etik 20:30era; bihar 12:00etatik 14:30era eta 18:30etik 20:30era, eta otsailaren 2an, 8an eta 9an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Liburua ere erakusketan bertan jarriko dute salgai. Jon Peli Uriguen eta Iñaki San Martin Soarte izan dira liburua egin dutenak, eta 100 urte asko badira ere, bertan saiatu dira taldearen historia laburbiltzen. Informazioan euskara da nagusi, baina atal batzuk gaztelaniaz ere idatzi dituzte, eta prentsan argitaratutako elkarrizketa batzuk ere gaztelaniaz eginda daudenez, jatorrizkoa errespetatu dute. Etxegina taldearen historiarekin batera, taldearen bueltan ibili den jendeari aitortza egiteko eta eskerrak emateko baliatu dute liburua, eta pertsonak dira protagonista nagusiak, bai egungoak eta baita lehengoak ere. 200 ale atera dituzte eta 25 euroan jarriko dute salgai.
Historia apur bat
Batzuek diote marinelek ekarri zutela Santa Ageda siziliarra goraipatzeko ohitura Euskal Herrira, baina badira jai hau zaharragoa dela esaten dutenak ere. Neguko solstizioari lotutako jaia ere izan daiteke, lurra kolpeka esnatzeko sortua. Dena dela, gaur gaurkoz neguko jaia da Santa Ageda, eta otsailaren 5ean ospatzen da, hain zuzen ere Ageda martiria hil zuten egunean. Historiak dioenez, siliziarra zen 230. urtean jaioa. Quinciano izeneko gobernadore paganoa Agaterekin maitemindu zen, baina ezin izan zuen haren maitasuna lortu. Kristaua zen Ageda, eta ez zuen harekin ezkontzeko proposamena onartu. Kartzelaratu egin zuten Ageda, baina hala ere iritziz aldatzen ez zuenez, borreroen esku laga zuten, tortura zezaten. Bularrak moztu zizkioten, eta 21 urterekin hil zen, 251. urteko otsailaren 5ean. Egun horren bezperan egiten dira Euskal Herrian haren omenezko eskaera kalejirak. Euskal Herrian tradizio handiko jaia da, bereziki Bizkai aldean. Gipuzkoan Debabarrenean eta Debagoienean ere oso errotuta dago santa eskea. Antxon Agirre Sorondo etnografoak Negua ospatuz liburuan azaltzen duenez, lurra esnatzea du helburu jai honek, makilarekin kolpeak emanez. Haren esanetan neguan ohikoa zen eskean ibiltzea, izan ere, udazkeneko uztan bildutako fruituak eta txerri hil berria gordetzen zuten baserrietan, eta garai ona izaten zen eskean joateko. Mutil gazteak edo askotan soldaduska egin behar zutenak irteten ziren oles egitera baserriz baserri.