Maddi Mendibil: “Ezin dugu dena kontrolpean izan, eta horrek egiten du lanbide hau gogorra eta, aldi berean, ederra”

Ainhoa Andonegi eta Asier Orbea 2025ko eka. 20a, 15:21

Maddi Mendibil Artetxek (Elgoibar, 1997) Albara ganadutegia dauka, Asier Albiterekin batera. Duela bi urte sortu zuten. Ofizioz irakaslea da Mendibil, eta albaitaria da Albite, eta biak aritzen dira gaur egun ganadutegiko eguneroko lanetan. 

Endoian daukate nabea, eta 12 hektarea eta erdiko lursaila dute. Larre behiak hazten dituzte. Abere suharrak dira, eta gaur egun 65 bat buru dituzte. Haragitarako erabiltzen dituzte behiak, baina baita zezen festetarako ere. Iazko sanbartolomeetan etorri ziren estreinakoz Elgoibarrera, eta joan zen domekan ere beraiek gidatu zuten trinitate jaietako sokamuturra (aurrez eginiko elkarrizketa da honakoa). Mendibilek doktoretza tesia hasi zuen 2023an, zezen festa herrikoietako ganaduaren etxekotze motaren inguruan.

Zu bezalako elgoibartar gazte bat nola heldu da Endoian Albara ganadutegia sortzera?
Betidanik gustatu izan zait ganadua eta umetatik izan naiz zezen festen oso zalea. Umetatik bizi izan dut Elgoibarko sokamuturra; amarekin joaten nintzen lehenengo eta, gero, lagunekin, baina gehiago bizi izan dut beldurretik balentriatik baino. Ikuspuntu teorikotik gerturatu naiz gerora zezen festa herrikoietara. Filosofia ikasketak egin nituen, eta gradu amaierako lana eta doktoretzaren hasiera abere suharren inguruan egin nituen. Ganadugintzara hurbiltzen diren gehienak zezen festak gustuko dituztelako gerturatzen dira, baina nire kasuan oinarria gehiago izan da teorikoa, nahiz eta zezen festak ere asko gustatzen zaizkidan. Asier Albite ezagutu nuen gero, eta berari ere umetatik gustatu izan zaio mundu hau. Ofizioz albaitaria da, baina argi zeukan
abeltzain izan nahi zuela, abere suharrekiko duen pasioagatik. Orain dela bi urte iritsi ginen Endoiako paraje eder honetara, eta abere suharrak hazteko behar genituen ezaugarriak betetzen zituen lursaila topatu genuen. Horrela hasi genuen abentura, eta momentuz hemen jarraitzen dugu.

Asier Albite eta Maddi Mendibil Albara Ganadutegiko mkortan. 

Nolakoa da ganadutegiko bizimodua?
Beti aire librean gaude, eta beti zerbaiten menpe. Ezin dugu dena kontrolpean izan, eta horrek egiten du lanbide hau gogorra eta, aldi berean, ederra. Klimaren menpe bizi gara, eta gune hau oso haizetsua da. Euria egiten duenean izugarri lokazten da dena, leku hotza da... Eta udan guztiz kontrakoa gertatzen da: bero handia egiten duen egunetan, ez da batere erosoa izaten lanera etortzea. Ganaduak ere jasan behar izaten du hori guztia, eta kasu batzuetan, espero ez dugun moduan erantzuten dute. Dena dela, niri gustatzen zait hemengo bizimodua.

Aipatu duzu ezin duzuela dena kontrolpean izan. Hori gertatu zaie Saka ganadutegikoei ere. Gaixotasun baten ondorioz, abelburu guztiak sakrifikatu behar izan dituzte.
Bai, tuberkulosi agerraldi bat atzeman zieten eta animalia denak hil behar izan dituzte. Tuberkulosiak hasiera batean ez dauka sintoma oso larririk, baina pertsonetara pasatzeko arriskua izaten da. Legez jasota dago tuberkulosia duten animaliak ezin direla tratatu eta, kasuren bat agertuz gero, abeltegiko animalia denak hil behar direla. Urtero egiten dizkigute probak, eta guk, zortez, dena ondo gainditu dugu. Sakakoek lanean jarraitzen dute. Ekarri dituzte buru berriak eta egingo dute aurrera.

Elgoibarren egin duzue sokamuturra. Zer da zuretzat zure herrian sokamuturra egitea? 
Urduritasun handiz bizi dut. Aspalditik ezagutzen dut Elgoibarko sokamuturra herritar edo ikusle gisa, baina abeltzain naizenetik konturatu naiz behientzat ez dela herri erraza Elgoibar. Ibilbide luzea da eta ganadua asko mugitu behar da, baina aldi berean, ezin du soilik korrika egin: nolabait esateko, pixkat jotzera ere egin behar du. Besteak beste, abere burugogorra izan behar da hona ekartzekoa, kalean lan egiten ohituta dagoena eta bere burua zaintzen dakiena. Ezaugarri horiek guztiak betetzen dituen ganadua edukitzea ez da erraza. Baina aldi berean, Elgoibarko sokamuturrean aritzeak poz handia ematen dit.

Trinitateetako sokamuturra Albarako zezen eta bigantxekin:

 

Nola prestatzen dituzue behiak sokamuturrerako?
Garrantzitsuena behiak kanpoan bizitzea da, gure ustez. Zelaia partzelaka banatuta daukagu pastore elektrikoaren bidez, eta behiak etengabe ibiltzen dira aldapan gora eta behera. Horrek laguntzen die fisikoki zein mentalki ondo egoten. Geldi bizi den animalia bat ezin duzu kalera eraman lanera. Azken batean, geuk ere ezingo genuke egun osoa etzanda egon eta bat-batean lasterketa bat egin. Elikadura ere asko zaintzen dugu. Sasoi honetako belarrak beharrezko diren proteina guztiak izaten ditu, eta hori ganaduari igarri egiten zaio. Pentsua ere ematen diegu tarteka, baina ez da gizentzeko pentsua izaten; hark grasa asko izaten du eta guk proteinaduna ematen diegu, helburua animaliak indartsu egotea delako. Garrantzitsua da, era berean, ganaduak poliki-poliki ikastea. Nik uste nuen behia animalia inozoa zela, baina ez da horrela; ikasteko gaitasun handia dute. Elgoibarren ezin duzu atera behi gazte bat edo sekula kalean ibili ez den bat. Hona datorren abelburuari komeni zaio aurretik irteera batzuk egitea, jende artean nola moldatu behar duen ikasteko. Kamioian joaten ere ikasi egin behar dute, eta seguru sentitu behar dira, hau da, sentitu behar dute kamioian joan ondoren etxera itzuliko direla lasai-lasai eta ez zaiela ezer gertatuko. Gure kasuan, behi bakoitzak batez beste urtean hiru ordu egiten ditu lan. Lana tamainan eman behar zaie, ondo bizi daitezen eta lanera ateratzen direnean jotzera egiteko gogoa izan dezaten.

Herri askotan debekatu dituzte zezen-festak, animaliei tratu txarra ematen zaiela argudiatuta. Zer uste duzu horri buruz?
Animaliekin dugun harremana ulertzeko moduan gizartea aldatu egin dela ebidentzia bat da, eta beraz ondorio logikoa iruditzen zait gauza horiek gertatzea. Logiko ikusteak ez du esan nahi, baina, erabaki aproposa edo onena denik. Gero eta harreman gutxiago daukagu animaliekin, eta gehiengoak jarraitzen dugun arren oraindik animaliak jaten, ez dakigu animalia horiek nola jaio, bizi eta hil diren. Distantzia horrek eragiten du platerera iristen zaigun okela zatia animaliatik bereiztea; hau da, okela zatia eta animaliaren arteko lotura eten egiten dugu askotan, eta beste muturrean jartzen ditugu sarri animalien bizi-baldintzei lotutako kontuak. Logikoa da animaliekin harremanik ez dugunean ez ulertzea zer den animalientzat egokia eta zer ez. Eztabaida asko dago, eta dena jarri daiteke zalantzan: egokia den ikuiluan egotea edo ez, aproposa den txakurrak etxean edukitzea, zezen festak egitea, zezenketak egitea... Gizarte bezala ona litzateke animaliak gehiago ezagutzea. Nahi duen oro gonbidatzen dut nik abeltegira, behien bizimodua ezagutzera. Ateak zabalik ditugu guztientzat, eta bere burua zezenzaletzat ez daukana edo animalista dena etor dadila ikustera animalia hauek nola bizi diren. Eta, ikus dezatela nola bizi garen gu animalia hauengatik. Oso gustura egiten dugu egiten duguna, baina egunero etortzen gara hona lanera, eta horrek ere sakrifizioa eskatzen du. Erakutsiko nieke baita ere kamioian nola bidaiatzen duten eta nola itzultzen diren etxera. Iaz 27 zezen-festa herrikoitan hartu genuen parte, eta animalia bati ere ez zitzaion ezer gertatu. Egia da animalisten korronteak indarra hartu duela, baina askotan sartzen zaizkigu ideia batzuk buruan ez direnak guztiz zuzenak. Ematen du herri gehienetan debekatzen ari direla zezen-festak, baina guk iaz hiru berri sortu genituen, Zegaman, Antzuolan eta Loiolan, eta duela bi urte, Azpeitiko Landetan. Iaz herri guztietakoak mantendu ziren, Elgoibarren bat gehiago egin zuten, eta aurten, Trutziozen ere sortu dugu. Hortaz aspaldikoa dirudien kontu honek oraindik badauka indarra eta Udal askok babesten dituzte zezen-festak; alderdi politiko desberdinetako Udalek. Herri eta herritar asko gainera aldaketa asko egiten ari dira zezen-festetan animaliek sufritu ez dezaten, eta Elgoibar eredu izan da horretan. Aldaketa asko egin dituzte, eta animalientzako egokiagoa da orain.

Filosofia ikasi ondoren, behi suharren etxekotzeari buruzko tesia hasi zenuen. Zertan datza?
Animalia suhar hauek ezagutu ahala konturatu nintzen etxekotze edo domestikazio behar desberdinak zituztela. Produkziora bideratutako animaliek etxekotze eredu mota bat dute, eta animalia suharrek, larre behiek kasu honetan, beste bat. Izan duten etxekotze prozesuagatik esne litro asko ematen dute behi esneek, lasai pasatu gaitezke haien ondotik eta haiek ukitzeko arazorik ere ez dago. Anestesia lokala emanda, lasai gelditzen dira, gainera, eta arazorik gabe egin dakieke ebakuntza. Oro har oso animalia kontrolagarria da: barruan bizi daiteke, ondo eramaten dute belarrik ez jatea... Larre behiek, aldiz, ez. Etxekotutako animalia da, baina etxekotze ereduak ez dauka esnetarako behiarenarekin zerikusirik. Hauek ezin dira ukitu, ez dakite ikuilu barruan bizitzen, produkziorako okela eta esne gutxi ematen dute... Laburbilduz, animalia hauekin ez dugu nahi duguna egin. Suhartasuna sustatu diegu, eta hori abeltzainaren kontra doa, denerako zailtasunak jarriko dizkigulako animalia suharrak. Gizakiak kontrolatu nahi horren kontra doa animalia, eta niri hori izugarri gustatzen zait.